Ardoa, txorizoa eta jai giroa izango dira nagusi larunbat eguerdian Azpeitiko Plazan
2026/11/04
Alde batetik, 19. Ardo Eguna; bestetik, 12. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa. Bi hitzordu horiek bat eginda, jai giro ederra espero da larunbat honetan, azaroak 7, Azpeitiko Plazan. 11:30 bueltan hasiko da ekitaldia, eta 14:30 aldera arte egongo dira zabalik dastaketa postuak.
“Ardo Dastaketa Eguna dagoeneko errotuta dago Azpeitiko egutegian. Gastronomia aitzakia hartuta, herritarrak kalera ateratzea, inguruko ekoizleen lana ezagutaraztea eta herriko kaleetan giro polita sortzea da gure asmoa”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Guztira 11 upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da larunbatean; Euskal Herriko Txorizo Egosi lehiaketan, berriz, hemezortzi harategik eman dute izena.
Ardo kopak euroa balioko du, eta dastaketarako txartelak binaka salduko dira: bi txartel, hiru euroan; lau txartel, bost euroan; sei txartel, zazpi euroan. Pintxoak, berriz, bi euroan egongo dira. Lehiaketan parte hartuko duten harategiek ekarritako txorizo pintxoak ez ezik, gaztarenak ere egongo dira salgai. Berastegi, Premietxeberri eta Elosiaga gaztandegiek jarriko dituzte postuak.
Elkarlanean antolatzen den festa
Azpeitiko Udalak antolatzen du eguna, Dendartean, Odriozola Ardoak, Ederto Harakel eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren laguntzarekin. Horrez gain, herriko beste zenbait eragilek ere hartzen du parte festan, hala nola Luix Beltza dantza suelto eskolako bikote batek mahatsa zapalduko du, jai-giroari beste osagai bat gehitzeko.
Horrez gain, beste berrikuntza bat ere izango da aurten. Azken urteetan, Misio Taldeko eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko boluntarioak arituko dira txorizoa prestatzen eta banatzen. Aurten, Izarraitz Igeri Elkarteak hartuko du haien lekukoa, eta txorizo egosien pintxoekin lortutako dirua elkarte horrentzat izango da. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Misio Taldeari eta Aisialdi Taldeari azken urteotan egin duten lanagatik, eta baita Izarraitz Igeri Elkarteari ere txorizoa prestatzeko eta banatzeko zeregin horren ardura hartzeko prest egoteagatik”, azaldu du Odriozolak.
11 upategitako ardoak
Dastaketan lau sor-markatako 11 upategitako ardoak izango dira.
- Arabako Errioxa sor marka: Tobelos, Eguren Ugarte, Hariak Winery eta Ostatu
- Errioxa sor marka: Zinio, Valcuerna, Lan, Salceda eta Pierola
- Nafarroa sor marka: Inurrieta
- Penedes: Juve & Camps
Hemezortzi harategi lehian
12. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketan, berriz, honako harategi hauek eman dute izena: Valentin Odriozola (Azpeitia), Aitxumarri (Azpeitia), Kepa Loidi (Orio), Okela (Donostia), Arrizabalaga senideak (Mutriku), Deba (Ormaiztegi), Miren (Tolosa), Pako (Olazti), Imanol Barriola (Tolosa), Arteaga (Donostia), Agirre-Etxe (Arrasate), Biyona (Zarautz), Bengoetxea (Donostia), Txarri Txiki (Aia), Otamendi (Arrasate), Joxe Mari Barriola (Ibarra), Zuazo (Dima) eta Lopez de Goikoetxea (Urdiain) harategiek.
Arratsaldean ere jarraituko du festak
Ardo Dastaketa Eguna eguerdi partean izango den arren, arratsaldean ere badaude ekitaldiak herri erdigunean. Bustintzuriko Errebalean, San Martin jaiak ospatuko dituzte, eta sokamuturra izango da larunbat arratsaldean. Ondoren, ogitarteko jana eta UK03 txarangaren emanaldia ere antolatu dituzte auzotarrek.
Horrez gain, 44. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Birakolore kale antzerkiaz gozatzeko aukera izango da Perez Arregi plazan, Zurrunka Teatroa & La Semilla Voladora taldearen eskutik. Euria egiten badu, Azoka Plazan izango da emanaldia.
