Indartsu hasi eta indartsu amaitu dira aurtengo saninazioak
2026/08/03
“Udaletxeko balkoia herriko festa batzordeetako ordezkariz beteta egonda, esango nuke txupinazoko momentu horretan sekulako baino gehiago transmititu zela festarako gogoa, eta azken ekitaldira arte eutsi zaiola gogo horri, San Inazio bigarrena ere oso jendetsua izan baita”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Goizetik gauera kalean egon den giroa ere nabarmendu du. “Sumatu dugunaren arabera, jendea umoretsu ibili da, alai, festaz gozatzeko gogoarekin”.
Egitaraua aurrez lotuta izan arren, azken orduko gorabeherak ohikoak izaten dira festetan, baina alde horretatik ere ez dela arazo aipagarririk izan aipatu du zinegotziak. “Ekitaldi guztiak aurrera eramatea lortu dugu”. Parte hartzeari dagokionez, oro har, egitarauko jarduera guztiek izan dutela erantzun ona esan du Odriozolak: dantza eta musika ikuskizunek, pilota eta zesta partidek, Haujijaik antolatutako bakailao txapelketak… “Eta bereziki jendetsuak izan dira kontzertuak eta zezen txikiak”.
Festetako hiru egun nagusiak ez ezik, aurreko asteburuko Santio Eguna eta Umeek Eguna ere oso joan zirela gehitu du Festa batzordeburuak, baita umeekin aurten lehen aldiz egin den izozki tradizionalen tailerra ere.
Esker ona
Saninazioak aurrera ateratzeko lanean aritu diren herriko eragile, talde eta norbanako guztiei eskerrak eman dizkie udalak. “Saninazioak aurkeztu genituenean ateratako argazkian ikusi zen bezala, elkarlan handi baten emaitza izaten dira saninazioak. Festa batzordeburu bezala, neuretzat berezia izan da festa batzordeek botatzea txupinazoa, urtean zehar haiekin harremana izateko zortea dudalako”.
Era berean, festa egunetan lanean jardun duten udal langileen lana ere goraipatu du Odriozolak. “Udal brigadako langileek, kale eta eraikinen garbitzaileek, udaltzainek, udal teknikariek eta gainerako langileek lan handia egiten dute, askotan ikusten ez dena, herritarrek saninazioez baldintzarik onenetan gozatu ahal izan dezaten. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egindako ahaleginagatik”.
Danok eo iñorrez kanpaina
Festa eredu parekide eta gozagarrien alde, Danok eo iñorrez, danona da festie danona da ardurie sentsibilizazio kanpaina egin du aurten ere udalak. Kartelak jartzeaz gain, tabernariei ere bidali die gutun bat kanpainaren berri emanez eta udalak indarrean dituen protokoloak jakinaraziz. Horrez gain, sei egunetan indarkeria matxistarik gabeko gunea ere jarri du udalak.
“Oraindik ere gertatzen dira jokabide matxista eta LGTBIfobikoak jaietan. Horregatik, parekidetasunean oinarritutako jai eredua sustatzen jarraitu behar dugu, ukituak, begiradak, jarraipenak eta bestelako indarkeria adierazpen oro desagerrarazi arte”.
