Machine translation

Bihartik aurrera Foru Pasealekua itxita egongo da ibilgailuentzat

2026/07/23
Santio eta saninazio jaiek ohiko trafiko aldaketak ekarriko dituzte datozen egunetan. Astotegia izenez ezagutzen den eremuan ganadu erakusketa egongo da uztailaren 25ean; behin santioak pasatutakoan, berriz, txosnagunea muntatuko dute. Ondorioz, bihar goizeko 06:00etatik aurrera itxita egongo da Foru Pasealekua trafikoarentzat.
Bihartik aurrera Foru Pasealekua itxita egongo da ibilgailuentzat

Errepidea ixteak autobus zerbitzuan ere eragingo ditu aldaketak. Julian Elortza kaleko eta Burnibidearen Euskal Museoko autobus geralekuak bertan behera geratuko dira bihar lehen ordutik aurrera. Autobusek saihesbide ondoko geralekuan egingo dituzte geldialdiak, museora doan oinezkoentzako zubiaren parean. Foru Pasealekua abuztuaren 5ean irekiko dute, 06:00etan, eta autobusak ere orduan itzuliko dira ohiko geralekuetara.

Gaueko autobus zerbitzu bereziak

Festetarako, zerbitzu bereziak eskainiko ditu Lurraldebusek: santioetan, uztailaren 24tik 25era arteko gauean, Azkoitira, Zestoara eta Errezilera gaueko autobus zerbitzu bereziak izango dira. Saninazioetan, berriz, kostaldeko herrietara ere iritsiko dira autobus bereziak; hau da, Zumaiara, Getariara eta Zarautzera.

Ikastetxeetako aparkalekuak

Autoz datozenentzat, berriz, ikastetxeetako jolastokiak egokituko ditu udalak aparkalekutzat. Uztailaren 24tik abuztuaren 4ra bitartean zabalik egongo dira Iraurgi (jesuitinak) eta Izarraizpe (Urola BHI) ikastetxeko aparkalekuak.