Machine translation

Dena prest festei hasiera emateko

2026/07/21
Gainean ditugu santioak eta saninazioak, eta festa giroa nabari da dagoeneko herrian. Gaur arratsaldean, festak aurkezteko argazkia atera dute aurtengo txupinazoa botako duten festa batzordeetako ordezkariek eta saninazioetako ekitaldien antolakuntzan parte hartzen duten herriko talde eta eragileetako kideek. Ondoren, aurtengo berrikuntza eta aldaketa nagusien berri eman dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola festa batzordeburuak.
Dena prest festei hasiera emateko

Festak antolatzen aritzen diren festa batzorde, elkarte eta boluntarioen lana eskertuz hasi du prentsaurrekoa Alkortak. Haren hitzetan, Azpeitiko Udalak baliabideak jartzeko ahalegina egiten badu ere, "pertsona horien borondatezko lanik gabe oso ezberdina izango litzateke guztia". Era berean, ohoretzat jo du aurtengo txupinazoa festa batzordeetako ordezkariekin batera botatzeko aukera izatea.

Alkatearen hitzetan, adin guztietako jendeari gustatuko zaizkion ekitaldiak antolatu ditu aurten ere udalak. “Iruditzen zait egitarau zabala prestatu dugula. Azpeitiar denak animatuko nituzke kalera ateratzera eta festak bete-betean bizitzera”.

Bi buruhandi berri

Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak azaldu ditu aurtengo egitarauaren xehetasun nagusiak. Umeen Eguna uztailaren 26an, igandez, ospatuko da. 22 erraldoi talde elkartuko dira Azpeitian, eta lehen aldiz ikusi ahal izango dira kalean Azpeitiko bi buruhandi berriak: sukaldaria eta ttuntturroa. On Kixoteren eta Santxo Panzaren buruhandiak ordezkatuko dituzte. Haurren kontseiluan egindako lanketaren emaitza dira, eta Iñigo Borda azpeitiarrak egin ditu eskuz. Erraldoien desfilearen ostean, Haujijaik antolatutako herri bazkaria egingo dute haurrek.

Aurtengo berrikuntzetako bat uztailaren 28an egingo den izozki tailerra izango da. Dona Doni izozkitegiarekin elkarlanean antolatutako jardueran, 100 umek izozki tradizionalak egiten ikasteko aukera izango dute.

Barraken egunak ere aldaketak izango ditu: egun bakarrean egin beharrean, bi egunetan egingo da, uztailaren 29an eta abuztuaren 2an. Bi egun horietan fitxak 1,5 euroan eskuratu ahal izango dira. Musikarik gabeko ordutegia egunero 17:00etatik 18:30era izango da, eta aniztasun txartela duten pertsonentzat eta haien senideentzat ordutegi bereziak ere ezarri dituzte uztailaren 26an eta 31n. Barrakak uztailaren 24an irekiko dituzte.

Azken urteetan debekatuta egon ondoren, zezen txikiak eta entzierro txikiak ere itzuliko dira saninazioetara, Done Jakue kalean.

Baserritarren Eguna eta txupinazoa

Baserritarren Egunean, blonda lehiaketarik ez da izango, eta haren ordez animalien erakusketa antolatuko dute. “Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen abere azokak egiteko baimena emango duela berriro, baina antolatuta geneukan bezala mantenduko dugu egitaraua, ez dagoelako denborarik lehiaketa egiteko”.

Saninazio bezperako txupinazoa nork botako duen erabakitzeko partaidetza prozesua hirugarren urtez egin du udalak. “Prozesuaren balorazio ona egiten dugu, jende askok parte hartu baitu”, esan du Odriozolak.

Musika eta kirola ere bai

Musikak protagonismo berezia izaten du festetan. Festa batzordeburuak azaldu du euskaraz abesten duten taldeei eman diela lehentasuna udalak, eta estilo askotako kontzertuak antolatzen saiatu dela. Aniztasun funtzionala duten pertsonek kioskotik jarraitu ahal izango dituzte kontzertuak. Maiatzean egindako elektrotxaranga lehiaketako irabazlea, Sakatu! taldea, uztailaren 30ean ariko da kaleak alaitzen. Horrez gain, udal musika banda, txistulariak, txarangak eta elektrotxarangak ere funtsezkoak izango dira kale giroa sortzeko. 

Pilotak ere presentzia zabala izango du saninazioetan: Santio Egunean pala profesionaleko partidak izango dira; San Inazio Egunean, berriz, esku pilota jaialdia jokatuko da; eta iazko arrakastaren ondoren, abuztuaren 1ean zesta punta ere itzuliko da.

Jaiak errespetuz bizitzeko deia

Azkenik, udalak indarkeria matxistaren aurkako Danok eo iñorrez, danona da festie, danona da ardurie kanpainarekin jarraituko du aurten ere, eta iaz prestatutako sentsibilizazio bideoa berriro zabalduko du.

Herritarrei saninazio eder batzuk opaz amaitu dute aurkezpena.