Aitzakiarik gabeko sansebastianak
2026/01/21
Herritarrek erakutsitako festarako gogoa nabarmendu du. “Sekulako giroa egon da; pentsa, atzo bertan, azken unean, beste talde bat [Basazabal] ere animatu zen banderaren jaitsierako danborradarako; azken txanpa horretan ere izugarrizko umorea igartzen zen”.
Bi talde berri gehiago izanda, eta 1.600 pertsona inguruk parte hartuta, udalak “kezka puntu bat” bazuela aitortu du Odriozolak. “Plazan behar adina toki izango zen, ea denboratan sartuko ginen… Zaindu beharreko detaile asko egoten dira, baina oro har dena espero bezala joan da”.
San Sebastian bezperan, bandera igo aurreko minutuetan, udal musika bandari aitortza txiki bat egin zitzaion. “Momentu polita izan zen. Urtez urte eta festaz festa hor egoten da banda, eta bandarekin batera, beste talde, eragile, udal langile eta norbanako askoren lana ere badago sansebastianen atzean. Guztiei eskerrak eman nahiko genizkieke udalaren izenean”.
Eguraldiak ere lagundu du aurtengoan, bai bezperan, bai San Sebastian egunean bertan. “Umeen danborradan ere gozatua hartu zuten danbor jole txikiek. Egun garrantzitsua izaten da beraientzat, eta behar bezala ospatzeko aukera eduki zuten”.
Sokamuturrik gabeko San Sebastian eguna izan da aurtengoa, eta magia ikuskizuna eta zesta punta izan ziren atzo arratsaldeko protagonistak. “Izarraitz pilotalekuak oso itxura polita hartu zuen, eta herritarrak gustura geratu zirela esango nuke”.
Balorazio sakonagoa egiteko eta haien ekarpenak jasotzeko, udalak bilera egingo du danborradako parte hartzaileekin
Lehen balorazioa ona izan arren, balorazio sakonagoa egiteko bilera egingo du udalak danbor taldeetako, ikastetxeetako, udal musika bandako, musika eskolako eta Itsasiko ordezkariekin, haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko eta urtez urte hobetzen joateko.
