Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Festak

Ardo eta txorizo egosi zaporeko larunbat eguerdia

2025/11/03
18. aldiz antolatu dute Ardo Dastaketa Eguna, eta hamabi upategitako ardoa dastatzeko aukera egongo da larunbat honetan (azaroak 8). Horrekin batera, 11. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa ere izango da.
Ardo eta txorizo egosi zaporeko larunbat eguerdia

Azpeitiko Udalak antolatzen du eguna, Dendartean, Odriozola Ardoak, Ederto Harakel eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren laguntzarekin. Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuaren hitzetan, “osagai asko” biltzen dituen festa izaten da. “Jan-edanarekin lotura duten ekitaldiak asko gustatzen zaizkigu azpeitiarroi, eta Ardo Dastaketak ere jende asko animatzen du kalera. Gainera, ordu eta toki berean Euskal Herriko Txorizo egosi lehiaketa egiteak saltsa gehiago jartzen dio egunari, jakin-mina sortzen delako ea nor izango ote den irabazle. Upategientzat eta harakinentzat ere egun garrantzitsua da, beren produktuak ezagutarazteko aukera izaten dutelako”.

Era berean, elkartasunak ere izaten duela lekua azaldu du Odriozolak. Aurreko urteetan, Misio Taldeko eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi taldeko boluntarioak aritu izan dira txorizoa egosten eta banatzen. Horiei beste eragile bat ere gehituko zaie aurten: Izarraitz Igeri Elkartea. Bildutako dirua hiru elkarteentzat izango da. 

11:30ean hasiko da dastaketa, eta 14:30 aldera arte egongo dira irekita postuak. Ardo kopak euro bat balioko du, eta ardo dastaketarako txartelek prezio hauek izango dituzte: bi trago, hiru euroan; lau trago, bost euroan; eta sei trago, zazpi euroan. Txorizo egosi pintxoak, berriz, bi euroan salduko dituzte. Nahiago duenarentzat gazta ere egongo da, herriko bi gaztagilek jarriko baitituzte postuak. 

Ardo eta txorizo aukera zabala

Lau sor markatako hamabi upategitaren ardoek parte hartuko dute dastaketan:

  • Arabar Errioxako sor marka: Tobelos, Eguren Ugarte eta Ostatu.
  • Errioxa sor marka: Zinio, Hariak Winery, Valcuerna, Lan, Salceda, Olarra eta Pierola.
  • Nafarroako sor marka: Inurrieta.
  • Penedes: Juve & Camps.

11. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketako izen-ematea ez dago guztiz itxita, baina hogeiren bat harategik parte hartuko dutela aurreikusten da.

Egun osoko egitaraua

Eguna girotzeko, mahatsez betetako aska bat ere jarriko dute, eta dantza suelto eskolako bikote batek zapalduko du mahatsa.

Arratsaldean, berriz, 43. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Goitibera taldearen Eraitsi S.L. antzezlana ikusteko aukera izango da plazan, 18:30etik aurrera. Era berean, Buztintzuriko Errebaleko festak ere izango dira.