- Parekidetasuna
Ate irekiekin eta espazioa eraberrituta hasiko du ikasturtea Emakumeen Txokoak
2025/09/19
Hiru ikastaro, liburu aurkezpen bat, bi parte-hartze talde eta egun osoko jardunaldi bat jasoko ditu aurtengo eskaintzak, eta, horrez gain, hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu: aholkularitza juridikoa, sexu aholkularitza, eta, aurten lehenengoz, aholkularitza psikologikoa ere bai.
Emakumeen eta LGTBIQ+ kideen ahalduntzean sakondu eta eragiteko ikastaro, ekintza eta zerbitzuak izango dira oinarri. Ikastaroei dagokienez, aurten, jabetze eskolen barruan, Autoestimua: nire burua ezagutuz ikastaroa eskainiko du Pepa Bojok. Boxeo tailerra ere izango da, Ixa Rodriguezek gidatuta. Bestalde, aurreko ikasturtean hartutako bideari jarraituz, boterearen azterketa eta hausnarketa egiteko gizonen espazioa ere sortuko da ikasturte honetan.
Parte hartzeko, sentsibilizaziorako eta integraziorako beste hainbat ekintza ere antolatu dira: esaterako, (Min)bizia Elena Guinearen liburu aurkezpena egingo da, eta Kontuan hartzeko kontatua. Azpeitiko LGTBIQ+ memoria eta erreparazio jardunaldiak ere bai. Horrez gain, Irakurri eta ahaldundu eta Empalabramiento parte hartze taldeek ere jarraituko dute.
Zerbitzu gehiago
Gainera, aurten, berrikuntzak daude Emakumeen Txokoko zerbitzuetan; izan ere, aholkularitza juridikoaz eta sexologikoaz gain, aholkularitza psikologiko feminista ere jarrai da martxan. LGTBIQ+pertsonei eta emakumeei bideratutako aholkularitza espezializatua izango da. Zerbitzua ikuspegi feministatik eskainiko da, ahalduntze indibidual eta kolektiboa hartuz helburutzat.
Azkenik, beste berrikuntzetako bat indarkeria matxista kasuei eskainiko zaien bidelaguntza zerbitzua izango da; horrela, indarkeria matxistari aurre egiten diotenentzako babesleku emozional eta sozial izango da txokoa, maila indibidualetatik harago, kolektiboak elkar zaintzeko espazioa, alegia.
Ate irekiak
Irailaren 24an, 18:30ean, Emakumeen Txokoan egindako eraberritze lanak herriratzeko eta zerbitzuaren berri emateko ate irekiak egingo dira. Bisitaldia txokoko guneak erakutsiz hasiko da, martxan dauden zerbitzuak azaltzen diren bitartean. Gainera, burututako eraberritze lanen nondik norakoak azalduko dira, hartutako hautuen atzean dauden hausnarketak plazaratzeko xedez. Halaber, izen-ematea irekita egongo dela aprobetxatuz, ikastaroen, talde iraunkorren eta parte hartze taldeen inguruko zertzeladak eskainiko dira.
Emakumeen Txokoan parte hartzen duen komunitatea ere han izango da, egiten dituen ekimenen eta lan-ildoen berri emateko. Ate irekiak luntx batekin amaituko dira, sortuko diren galderak erantzuteko eta elkar ezagutzeko. Ekimen honekin, herritarrei Emakumeen Txokorako sarbidea erraztea nahi da, horretarako egon daitezkeen mugak lausotuta.
Ikusi eskaintza osoa hemen.
