Machine translation

Atzegik 'Itxurazaleak' kanpaina aurkeztu du, inklusioa oztopatzen duten eguneroko aitzakiak agerian uzteko

2026/11/27
Umorea eta ironia erabiliz, adimen desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea mugatzen duten eguneroko aurreiritziak eta aitzakiak identifikatzea eta zalantzan jartzea du helburu ekimenak.
Atzegik 'Itxurazaleak' kanpaina aurkeztu du, inklusioa oztopatzen duten eguneroko aitzakiak agerian uzteko

"Ez dakit gustura egongo den", "agian jarduera hau ez da berarentzat" edo "agian laguntza handia behar du" bezalako esaldiak ohikoak dira oraindik. Askotan asmo onez esaten diren arren, adimen desgaitasuna duten pertsonen aukerak mugatzen dituztela ohartarazi du Atzegik. Horregatik, aurtengo kanpainan, bereziki aisialdian eta parte hartze komunitarioan jarriko du arreta.

Atzo aurkeztu zuen ekimena elkarteak, eta han izan zen Ander Larrañaga Gazteria zinegotzia ere, Azpeitiko Udalaren izenean. Kanpainaren ikuspegia nabarmendu zuen: "Umorea erabili duzue kontu serio bati heltzeko, eta ezin hobeto geratzen da agerian eguneroko ohiko egoeretan zenbat bazterkeria dagoen oraindik".

Larañagaren esanetan, kanpainak herritarrak hausnartzera eta aurreiritziak gainditzera bultzatu behar ditu. "Itxurakeria eta aitzakiak alde batera utzi, eta adimen desgaitasuna duten pertsonei gizarteko arlo guztietan parte hartzeko aukera bermatu behar diegu. Horretarako, geuri dagokigu aurreiritziak, beldurra eta ezjakintasuna gainditzeko lan egitea", adierazi zuen.

Zinegotziak, halaber, Atzegik urte osoan egiten duen lana eskertu zuen, eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean garatzen dituen proiektuak aipatu zituen. Aurrerantzean ere lankidetzan jarraitzeko asmoa azaldu zuen, "Azpeitia Denontzat" izan dadin.

Kanpaina Gipuzkoako hainbat eskualdetan zabalduko da, eta Atzegiko familiek 3.000 kartel banatu eta jarriko dituzte lurralde osoan. Horrez gain, kanpainaren mezua zabaltzeko ikus-entzunezko bi pieza ere sortu dituzte.

Ekimenari amaiera emateko, abenduaren 3an, ekitaldia egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:30ean. Azken urteko bizipenak eta esperientziak partekatzeko balioko du saioak. Bertaratzeko gonbidapenak eskatzeko, atzegi@atzegi.eus helbidera idatzi edo 943 42 39 42 telefonora deitu daiteke.