Machine translation

Aurtengo elektrotxaranga lehiaketan, Sakatu! txapeldun

2026/06/12
Elektrotxarangen hilabetea izaten da maiatza Azpeitian, eta ez da gutxiagorako izan aurten ere. Lau larunbatetan banatuta, sei talde ibili dira kalez kale 5. Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketan.
Aurtengo elektrotxaranga lehiaketan, Sakatu! txapeldun

Lehia estu baten ostean, azkenean Bizkaiko Txorierri eskualdera joan da sari nagusia, Sakatu! elektrotxaranga izan baita irabazle nagusia. Maiatzaren 23an jo zuten Azpeitian.

Taldeen maila “aparta” izan dela azpimarratu dute antolatzaileek. Musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara, parekidetasuna eta beste irizpide batzuk kontuan hartuta erabaki du epaimahaiak Sakatu! izendatzea txapeldun. 5.000 euroko saria jasoko du; horrez gain, saninaziotan berriz ere Azpeitian jo ahal izango du.

Berrikuntza gisa, bigarren eta hirugarren sariak ere egon dira aurten: Elektrotxuflak egin du bigarren, eta 2.000 euroko saria izango du; hirugarren, berriz, 3indarrok geratu da, eta 1.000 euroko saria izango du. Bi talde horiek elektrotxaranga lehiaketa irabazitakoak dira: Elektrotxuflak 2024ean eta 3indarrokek iaz.