Azaroaren 13ra arte eman ahal izango da izena Santutxoko eta Erdikaleko etxebizitzen zozketan parte hartzeko
2026/10/28
Erdikaleko udal etxebizitza tasatuak (12)
Erdikaleko 13. zenbakian, dagoeneko hasita daude hamabi udal etxebizitza tasatu eraikitzen. Lau solairuko etxepea izango da, solairu bakoitzean hiruna etxerekin. Trasleku propio bana izango dute guztiek.
Etxe guztiak hiru logelakoak eta bi bainugelakoak izango dira, bat izan ezik: lehen solairuko 1.C etxebizitza egokitua da, eta bi logela eta bainugela bat izango ditu. Etxebizitzen azalera erabilgarriak 81,74 eta 88,64 metro koadro artekoak dira, eta trastelekuek 5,52 eta 6,71 metro koadro arteko azalera dute.
Prezioei dagokienez, Erdikaleko etxeetan, prezioa aldatu egingo da solairuaren arabera: lehen solairuko hiru etxebizitzek 213.000 euroko prezioa dute, BEZik gabe. Bigarren solairukoek 223.000 euro balio dute; hirugarrenekoek, 227.000 euro; eta laugarren solairukoek, 229.000 euro. Kopuru horiei dagokien BEZa gehitu beharko zaie.
Santutxoko babes ofizialeko etxeak (10)
Santutxoko babes ofizialeko hamar etxebizitzak 13 zenbakidun etxepean eraikiko dituzte. Kasu honetan, zozketan parte hartu ahal izateko, ez da nahikoa izango izena ematearekin: beharrezkoa izango da azaroaren 1a baino lehen Etxebiden izena emanda egotea ere, alta egoeran, erosketa erregimenean eta eskuratzeko herria Azpeitia jarrita.
Hamar etxebizitzak bost solairutan banatuko dira, ezker-eskuin. 83,57 eta 84,39 metro koadro arteko azalera izango dute. Batek ez beste guztiek hiru logela eta bi bainugela dituzte; lehen solairuko etxebizitza egokituak, berriz, bi logela eta bainugela bat ditu. Etxebizitza guztiek garaje bana eta trasteleku bana izango dute. Garajeen azalera 24,56 eta 29,76 metro koadro artekoa da, eta trastelekuena, 3,17 eta 5,16 metro koadro artekoa. Prezioak 214.746,50 eta 219.885,24 euro artekoak dira, BEZik gabe.
- Ikusi planoak
Santutxoko udal etxebizitza tasatuak (18)
Santutxo auzoko 12. eta 14. zenbakietan eraikiko dituzte araubide bereziko 18 udal etxebizitza tasatuak. Etxebizitzek 83,80 eta 84,71 metro koadro arteko azalera izango dute. Gehienek hiru logela eta bi bainugela dituzte; salbuespena lehen solairuko 1.B etxebizitza egokitua da, bi logela eta bainugela bat izango baititu.
Babes ofizialeko etxebizitzek bezala, etxebizitza tasatuek ere garaje eta trasteleku bana izango dute. Garajeek 23,72 eta 31 metro koadro arteko azalera izango dute, eta trastelekuek 3,33 eta 5,38 metro koadro artekoa. Prezioak 290.963,45 eta 297.260,03 euro artekoak dira, BEZik gabe.
Kontuan hartzekoa da bai Erdikaleko etxeek eta bai Santutxokoek gune komun bat ere izango dutela bizikletak eta haur kotxeak uzteko: Erdikalekoek etxepean bertan eta Santutxokoek garajean.
- Ikusi planoak
12 zenbakia
14 zenbakia
Non eta nola aurkeztu eskaerak
Izena emateko inprimakia Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoan (www.azpeitia.eus), udalaren erregistro orokorrean (udaletxea) eta Azpeitia Berritzenen (Enparan kalea 34, behea) bulegoetan eskuratu ahal izango da. Eskabideak ere, oinarrietan eskatutako dokumentazioarekin batera, hiru bide nagusitatik aurkez daitezke: Azpeitiko Udalaren erregistro orokorrean (udaletxean), Etxebizitza Bulegoan (Enparan kalea 34, behea) edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke.
Onartuen zerrendak eta zozketa
Eskaerak aztertu ondoren, onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Horiek argitaratzearekin batera, hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.
Erreklamazioak ebatzi eta gero, behin betiko zerrendak kaleratuko dira. Zerrenda horiekin batera jakinaraziko dira zozketa publikoa egiteko eguna, ordua eta lekua.
Hasierako ordainketak
Etxebizitza esleitzen zaien pertsonek, salerosketa kontratu pribatua sinatzean, etxebizitzaren prezioaren %20 eta hari lotutako trastelekuaren prezioaren %40 ordaindu beharko dituzte, gehi dagokion BEZa. Ordainketa etxebizitza eta haren eranskinak aukeratzeko akta sinatzen denetik hilabeteko epean egin beharko da.
Kontsultatu informazio guztia GAOn:
