- Parekidetasuna
Azaroaren 25eko udal adierazpena
2025/11/25
2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 131 emakume eta 13 haur erailak izan dira Euskal Herrian; 2025ean, berriz, 6 emakume izan dira erailak. Emakumeen aurkako indarkeria matxistak mila aurpegi ditu, eta horietako batzuk ikus ditzakegu gure udalerrian ere. 2024. Urtean, Azpeitiko udal zerbitzuetan, 40 kasuren berri izan genuen, gehienak genero indarkeriagatik.
Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da gure gizartean: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar, eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora. Hori sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. Analisi feministak azpimarratzen du sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria; izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatuta, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan. Alde horretatik, herri gisa heldu behar diogu gai horri eta hainbat esparrutatik aritu behar dugu, Gobernantza Feminista oinarri.
Gizarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat, askea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu. Horretan, Mugimendu Feminista dugu eredu. Arazoa guztioi dagokigu eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da, guztiok garelako konponbidea emateko eragile.
Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Indarkeria matxistak desagerrarazteko, ezinbestekoak dira politika eraldatzaileak eta ausardia, batez ere, gazteriari, hezkidetzari eta sare sozialen eraginari dagokionez. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berriztea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean, baina hauek ez dute ezertarako balio, garapenerako aurrekontu eta baliabide teknikoak ezartzen ez badira. Hori horrela, Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen arreta, esku-hartze eta erreparazio ibilbideak hobetzen, zerbitzuak sortzen eta udal langileak formatzen.
Deskoordinazioak eta ardurarik ez hartzeak babesaren kontzeptua eta emakumeengan jartzen den arduraren zama nabarmendu ditu. Indarkeria matxistaren ardura ezin zaio inoiz biktima den emakumeari jarri. Hori dela eta, sailen arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzea helburu duen zerbitzu batean lanean dihardu Azpeitiko Udalak, erasoa jasandako pertsonaren beharrak zentroan jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, berriz biktimizatzea ekidinez. Erantzuna integrala behar da izan. Prebentzioan eta heziketan egiten dena baino gehiago egin behar da. Eta dudarik gabe, aurrekontuetan isla zuzena izan behar du hitzez aldarrikatzen den orok.
Dena den, jakin badakigu indarkeria matxistari aurre egitea ez dela erakundeen lana bakarrik, komunitatearen parte hartzea ezinbestekoa da zeregin horretan. Horregatik, indarkeria matxistak komunitatean duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Komunitateak beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza eskaini ere. Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi. Udalok, berriz, komunitateak sustatzeko erantzukizun zuzena dugu, non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko dituen bizitza komunitarioa bultzatuko duten.
Horregatik, Azpeitiko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:
- Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzeko konpromisoa hartzen dugu, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
- Hezkuntza-, osasun-, kultura- eta aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak sustatzea, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
- Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
- Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeekin lanean aritzen den Iparrizar zerbitzua indartzea eta hobetzea, zerbitzu integral eta multidiziplinarrak sortuz eta langileen etengabeko formakuntza sustatuz
- Udal Parekidetasun Sailaren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak egonkortzen eta indartzen jarraitzea
