Machine translation

Azpeitiko Bigarren Berdintasun Plana onartu du udalak

2026/03/04
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Azpeitiko Bigarren Berdintasun Planari, Parekidetasun Sailaren izen aldaketari, Emakumeen Txokoaren 15. urteurrenari eta martxoaren 8ko adierazpenari buruzko azalpenak eman dituzte Miren Arrietak eta Malen Aldalurrek, Politika Feministen eta LGTBIQ+ Politiken Saileko batzordeburuak eta teknikariak.
Azpeitiko Bigarren Berdintasun Plana onartu du udalak

2031ra begirako bide orria

Atzoko udalbatzarrean aho batez onartu zuten Azpeitiko Bigarren Berdintasun Plana. Sei urteko indarraldia izango du, eta lau ardatz nagusitan egituratzen da: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eta gizarte eraldaketa.

“Parte-hartze prozesu zabal baten emaitza da plana; herriko eragile, talde eta norbanakoekin egindako saioen bidez osatu da, eta udal gobernuaren nahiz oposizioaren ekarpenak ere jaso ditugu”, kontatu du Aldalurrek. Emakunderen oniritzia ere badu, eta 2031ra bitartean garatuko diren ekintza zehatzak jasotzen ditu dokumentuak. Udalaren webgunean jarriko da ikusgai plan osoa.

Izen aldaketa, errealitate berri bati erantzunez

Berdintasun Planarekin batera, agintaldi honetan bultzatutako beste plan estrategiko nagusia LGTBIQ+ plana izan da. “Azken urteotan arlo hori berariaz lantzen hasi da udala, eta, horrenbestez, sailaren izenak ere eguneroko jarduna islatu behar zuela erabaki dugu”, adierazi du Arrietak.

Hemendik aurrera, Politika Feministen eta LGTBIQ+ Politiken Saila izango da, bi ardatz horiek modu integralean lantzeko konpromisoa berretsiz.

Emakumeen Txokoa, 15 urteko ibilbidea sendotzen

Berdintasun eta LGTBIQ+ politikei lotuta, beste data garrantzitsu bat ere heltzear dago.  2026-2027 ikasturtean 15 urte beteko ditu Emakumeen Txokoak; hain zuzen, irailaren 17an inauguratu zuten. “Urteurrena baliatu nahi dugu orain arte egindako bideari balioa eman eta etorkizuneko norabidea marrazteko”.

Azken urteotan, indartu egin dira Emakumeen Txokoko zerbitzuak, azpiegitura hobetu da eta erabiltzaileen kopurua handitu da; hazkunde horrek erakusten du espazioaren garrantzia eta errotzea herrian.

Martxoaren 8ko konpromisoak

Atzoko osoko bilkuran onartutako martxoaren 8ko adierazpenak ere urrats esanguratsua dakar: Emakumeen Txokoko bi lanpostuak udaleko Lanpostuen Zerrendan txertatuko dira. Neurri horren bidez, sailaren lana egonkortu eta etorkizuneko erronkei berme handiagoz heltzea izango da helburua.

Azpeitiko Udalak, horrela, berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko politika publiko sendo eta iraunkorrak garatzeko konpromisoa berretsi du.