Barru girokoak datozen karnabaletan, moldaketa batzuk egitarauan
2026/02/13Euria ez da aitzakia izango karnabal eder batzuk pasatzeko, eta asteartera bitartean, seguru giro paregabea nagusituko dela Azpeitian. Egitarauan, ordea, moldaketa batzuk egingo ditu udalak, eta ekitaldi batzuk aterpera aldatuko ditu, ahalik eta zukurik handiena ateratzeko inauteriei.
- Gaur, ostirala. Arratsalderako euria dagoenez iragarrita, Euskal Inauterien Jaialdia Izarraitz pilotalekuan egitea erabaki du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik.
- Jai Karnabala. Igandean barealdi bat izango dela dirudi, eta Itsasiko artzain-inudeen desfileak, printzipioz, ohiko ibilbidea egingo du. Hala ere, eguraldia okertzen bada, ibilbide laburragoa egingo dute, eta Erdikaletik Frontoi Txikira joango dira zuzenean. Kaleko musikariek uneko egoeraren arabera moldatuko dituzte beren emankizunak. Bestelako ekitaldietan ez da aldaketarik aurreikusten.
- Astelehen Karnabala. Ez dirudi desfilea egiteko modurik egongo denik, baina Izarraitz pilotalekuan gozatu ahal izango dute mozorro festaz haurrek. Gora bihotzak ikuskizuna ere pilotalekuan bertan izango da, eta gozokiak ere hantxe banatuko dituzte.
Arratsaldean, plazan ziren egitekoak DJ Davilaren eta DJ Oihan Vegaren emanaldiak, baina Sanagustin kulturgunean egingo dira. Heldu nahiz gaztetxoentzat pentsatutako ekitaldiak dira.
Helduen mozorro lehiaketako sari banaketa ere Sanagustinen izango da, 23:00etan.
- Astearte Karnabala. Printzipioz, egitarauari eutsiko zaio.
