- Ongizatea
- Adinekoak
Begizta magnetikoa, entzumen irisgarritasuna hobetzeko beste pauso bat
2025/07/24
Teknologia horrek soinua kalitatea hobean eta zaratarik gabe entzuteko aukera ematen die audifonoak eta inplante koklearrak dituzten pertsonei; ondorioz, kontzertuez, hitzaldiez, zinemaz eta abar gozatzeko erraztasun handiagoak izango dituzte entzumen urritasuna dutenek.
Mikel Odriozola zinegotziak, Yolanda Kerexeta Marea Urdinako kideak eta Eneko Uribe Kulturaz kooperatibako soinu teknikariak eman dituzte sistemaren gainerako azalpenak. Odriozolak azaldu duenez, entzumen urritasuna duten pertsonei laguntzeko teknologia bat da begizta magnetikoa, eta audifonoak edo inplante koklearrak dituzten pertsonek erabil dezakete. Sistema horrek soinua zuzenean bidaltzen die audifonoei, seinale magnetikoen bidez, eta, horri esker, atzealdeko zarata ezabatu edo murriztu egiten da.
Honako hau da funtzionamendua: mikrofono edo soinu mahai batek inguruko soinua hartzen du (adibidez, hitzaldi edo kontzertu batekoa); anplifikadore batek seinalea prozesatzen du; kable bat instalatzen da entzuleen inguruan begizta (loop) bat sortzeko; kable horrek eremu magnetiko aldagarri bat sortzen du soinuarekin batera; eta telecoil sistema duten audifonoek (horiek bakarrik), T posizioan jarrita, seinale magnetiko hori jasotzen dute zuzenean.
Hiru eratakoak dira Azpeitian eskuragarri egongo diren sistemak:
- Finkoa: Soreasu antzokian eta Sanagustinen kulturgunean egin du instalazioa udalak. Horri esker, audifonoa edo inplante koklearra duten pertsonek nahikoa dute bi eraikin horietara joan, ikusi zein eremutan dagoen egokituta begizta magnetikoa (karteletan adierazten da), eta T motan jartzea audifonoa edo inplantea. Hala, areto horietan antolatzen diren ekitaldiak soinu kalitate hobean eta inguruko zaratarik gabe entzuteko aukera izango dute.
- Mugikorra: Kaleko ekitaldietarako erabiliko da sistema hori. Entzumen urritasuna duten pertsonek petaka moduko bat jarri behar izaten dute poltsikoan, eta koilare moduko bat jantzi. Ondorioz, beren buruaren bueltan sortzen da eraztun magnetikoa, eta soinu mahaiak jasotzen duen soinua zuzenean entzuten dute audifonoan. Saninazioetako kontzertuetan erabilgarri egongo dira gailu mugikorrak. Soinu mahaian eskatzea nahikoa izango da. Teknologia mota hau, entzumen arazoak dituztenei laguntzeko ez ezik, hitzaldietako itzulpenak egiteko eta abar ere balia daiteke, aurikularren bidez.
- Mahai gainekoa. Distantzia motzetarako da erabilgarria. Gailu bat jartzen da mahai gainean, eta gailuak eraztun magnetikoa sortzen du inguruan. Hala, inguruan dagoen pertsonak, audifonoaren edo inplantearen bidez, hobeto entzuten du. Herritarren Arreta Zerbitzuan, Udaltzaingoan eta Gizarte Zerbitzuetan jarri du sistema hori udalak. T hizkiaren bidez adierazten da.
Odriozolak aipatu duenez, azken urteetan hainbat proiektu jarri ditu udalak martxan Marea Urdina elkartearekin elkarlanean, aniztasun funtzionala duten pertsonen egunerokoa errazteko helburuarekin. "2019an, aitzindariak izan ginen Euskal Herrian barraketan musikarik gabeko tarteak jartzen, eta ordutik, hainbat pauso eman ditugu: kontzertuetan gune egokituak jarri ditugu, aniztasun txartela sortu dugu, piktogramak ezarri ditu herriko hainbat eraikin publikotan…".
Eunate Nafarroako pertsona gorren familien elkartea izan du bidelagun udalak begizta magnetikoa jartzeko. Odriozolak eskerrak eman dizkie elkarteari eta elkarte horrekin harremanetan jarri zituen herritarrari.
Begizta magnetikoa jarri izanarekin eskertuta agertu dira Marea Urdinak kideak ere. Adierazi dutenez, Azpeitia inguruan, oso areto eta toki gutxitan dago begizta magnetikoa.