Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Ingurumena

Bizikleta, Mugikortasunaren Europako Asteko protagonista

2025/09/12
Herritarrak garraiobide iraunkorrak erabiltzera bultzatzeko asmoz, urtero egiten da Mugikortasunaren Europako Astea. Irailaren 16tik 22ra izango da, eta Azpeitiko Udalak ere, Ekoetxearekin batera, zenbait jarduera antolatuko ditu herritarrak sentsibilizatzeko.
Bizikleta, Mugikortasunaren Europako Asteko protagonista

Bizikleta izango da aurtengo protagonista. Eragin pedalei eta babestu planeta lelopean, umeentzako ginkana bat egingo dute. Hain zuzen ere, bizikletaz eta bizikletarik gabe egin beharreko hainbat erronka dituen zirkuitu bat osatu beharko dute partaideek; ikus-memoria ariketei, mugimendu trebetasunari, birziklapenari, mugikortasun iraunkorrari, energiari eta abarri lotutakoak izango dira erronkak.

Helburu nagusia da mugikortasun jasangarria sustatzea, baita umeek bizikletan trebetasuna garatzea ere.

Iraurgi ikastetxeko (Jose Artetxe 4) jolastokian izango da ginkana, 17:30etatik 19:30etara. 6 eta 14 urte bitarteko umeei bideratuta dago, eta beharrezkoa da izena ematea. Komeni da norbere bizikleta eta kaskoa eramatea. Ginkanaz gain, jolas batzuk ere jarriko dituzte jolastokian. Jarduerek irauten dute bitartean, anbulatoriotik Paulo VI. auzunerako sarrera itxita egongo da motordun ibilgailuentzat.

Bizikletak berrikusteko aukera

Mugikortasun astearen barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak ere Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina ekarriko du Azpeitira. Irailaren 18an, 10:30etik 14:00etara, bizikletak konpontzeko doako zerbitzua eskainiko die Mugi txartel pertsonalizatua dutenei. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin lankidetzan, Mugi txartela eskuratu nahi duten pertsona guztiei beharrezko laguntza ere eskainiko die.

Aurrera begirakoak

Behin Mugikortasunaren Europako Astea pasatzen denean ere, mugikortasun jasangarriaren alde egiteko hainbat proiektu ditu esku artean udalak. Eskola bideak hobetzen jarraitzea da erronketako bat.

Besteak beste, zebra-bideen segurtasuna hobetu nahi du, eta, horretarako, zebra-bideen errepasoa egin eta arriskua ikusten den guneetan aparkalekuak kentzea aztertuko du. Izarraizpe ikastolako Perdillegiko eraikinean, berriz, autobusen aparkalekua handituko du, bi autobus behar bezala sartzeko. Horrez gain,  San Martin Estratatan oinezkoei lehentasuna emateko neurriak hartuko ditu.