Bizikletentzako aparkaleku itxia jarri du udalak Landetan
2026/10/20
Azpeitiko Udalak bizikletentzako hirugarren aparkaleku itxia jarri du, Landetan, Antzibarrena eta Gerratxiki kaleen artean, edukiontzien etxolaren ondoan. 2025eko abuztuan jarri zituen udalak bizikletentzako lehen bi aparkaleku itxiak, Salbe auzoan eta Jose Artetxe kalean, eta izan duten harrera onaren ondoren erabaki du zerbitzua beste gune batera zabaltzea.
Kokagune berri horren bidez, herrigunetik industriagunera arteko joan-etorriak bizikletaz egitea bultzatu nahi du, hau da, batik bat langileei begira jarritako aparkalekua da. “Herritarrei bizikletaz mugitzeko aukera erosoak eta praktikoak eskaintzea da gure helburua, eta badakigu horretarako garrantzitsua dela bizikletak modu seguruan uzteko aukera ematea herritarrei”, azaldu du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak. Haren esanetan, lehen bi aparkalekuek izan duten harrera ikusita, zerbitzu mota horrek herritarren eguneroko beharrei erantzuten diela ikusi du udalak.
Gehienez, zazpi egunez
Aparkaleku berriak hamar bizikleta gordetzeko lekua du, eta doakoa da. Salbe auzoko eta Jose Artetxe kaleko aparkalekuen baldintza berberak izango ditu; hau da, bizikleta gehienez zazpi egunez utzi ahal izango da bertan geldirik, eta erabiltzaile bakoitzak bizikleta bakarra eduki ahal izango du aparkatuta aldi berean. Era berean, bizikleta ez den beste ezer uztea debekatuta egongo da.
Alta nola eman
Aparkalekua erabiltzeko, aldez aurretik alta eman behar da. Horretarako, bi aukera daude: PVerde aplikazioaren bidez edo www.parkingverde.com webgunean erregistratuta. 18 urtetik gorakoek eman dezakete alta, eskatutako datuak betez; adingabeen kasuan, gurasoek edo tutoreek egin behar dute erregistroa. Pertsona juridikoek ere eman dezakete alta, beren langileei aparkalekua erabiltzeko baimena emateko.
Erregistratu ondoren, erabiltzaileak kode bat jasoko du. Aparkalekura sartzeko, kode hori edo mugikorreko PVerde aplikazioa erabil daiteke; telefono bidez sartzeko aukera ere badago.
Atea irekitzen den bakoitzean, pertsona bakar batek sartu behar du bizikleta, giltzatuta. Ondoren, ixteko botoiari eman behar zaio, eta atea behar bezala itxi dela egiaztatu, baimenik gabeko inor sar ez dadin.
