- Ingurumena
Bizikletentzako aparkaleku itxiak, erabilgarri
2025/08/05
Aparkaleku itxien helburua da herri barruko joan-etorriak bizikletaz egitea sustatzea. Hain zuzen, herriko mugikortasun iraunkorra bultzatzeko estrategiaren barruan kokatzen da aparkaleku horiek jartzeko erabakia.
“Bizikletaz ibiltzeko herri erosoa da Azpeitia, eta bizikleta herritarren eguneroko garraiobidea izatea nahi dugu. Azken urteotan, ugaritu egin ditugu kaleko aparkalekuak, eta eskaintza hori osatzera datoz aparkaleku itxi berri hauek. Jendeak bizikleta kalean lasai uzteko aukera emango dute”, esan du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak.
Alta nola eman
Zerbitzua erabiltzeko, lehenik eta behin, erregistratu egin behar da. Horretarako, bi bide daude: PVerde aplikazioaren bidez edo www.parkingverde.com webgunearen bidez. 18 urtetik gorakoek eman dezakete alta zerbitzuan, eskatutako datuak betez; adin-txikikoen kasuan, gurasoek edo tutoreek egin behar dute erregistroa. Pertsona juridikoek ere badute alta eman eta beren langileei aparkalekuak erabiltzea baimentzeko aukera.
Behin alta emandakoan, kode bat jasoko du erabiltzaileak. Aparkalekura sartu ahal izateko, kode hori (aparkalekuaren kanpoan dago teklatu bat) edo mugikorreko PVerde aplikazioa erabili beharko ditu, edo telefono zenbaki batera deitzeko aukera ere izango du.
Atea irekitzen den bakoitzean, pertsona batek utz dezake bizikleta, giltzatuta, ez gehiagok. Hori egin ostean, ixteko botoiari eman behar zaio, eta atea ondo ixten dela egiaztatu, zerbitzuaren erabiltzailea ez den beste inor sar ez dadin.
Gehienez, zazpi egun
Aparkalekuak ez dira garaje moduan erabiltzeko izango. Hori dela eta, bizikleta gehienez zazpi egunez utzi ahal izango da geldirik. Erabiltzaile bakoitzak bizikleta bakarra eduki ahal izango du aparkatuta aldi berean, eta bizikletaren osagarriek ere (umeen aulkia, erosketen orga) ezingo dute toki bat baino gehiago hartu. Era berean, debekatuta egongo da bizikleta ez den beste edozer uztea aparkalekuan.
“Dagoeneko ikusten dira bizikleta batzuk aparkatuta, eta horrek poz ematen digu. Uste dugu aparkalekuak erosoak izan daitezkeela zenbait herritarrentzat, eta lagunduko dutela bizikleta gehiago erabiltzen”, adierazi du Amenabarrek.