Bultzatu beharreko energia eredua aztergai
2026/04/23
Markel Peñalba Mondragon Unibertsitateko eta Ikerbasqueko irakasle eta energia berriztagarrien arloko ikertzaileak, Alazne Arruti Bengoetxea Goiener taldeko Sorkuntza taldeko ingeniariak eta Gorka Laurnaga Stop Fosilak taldeko kide eta klima aktibistak hartuko dute parte, Oihana Elduaien kazetaria gidari dutela.
Industria handien itxierak eragin zuzena izan du Azpeitiko berotegi-efektuko gasen isurketetan. Aurreko hamarkadarekin alderatuta, behera egin dute. Hala ere, neutraltasun klimatikoa lortzeko, hamarkada honetan isurpenak %40 eta %45 artean murriztu beharko lirateke. Energia berriztagarrien bidez udalerriko kontsumo energetiko osoaren %0,69 estaltzen dela kontuan hartuz, besteak beste, zer neurri bultzatu beharko liratekeen izango dute hizpide adituek. Urola Erdiko herritar guztiei dago zuzenduta hitzaldia.
Maiatzaren 6an, parte-hartze saioa
Eskualdeko udalek, Iraurgi Berritzen garapen-agentziak eta Laienek sustatutako ekimena da Urola Erdia Ispiluaren Aurrean, eta apirilerako antolatutako hitzaldi zikloaren barruan, dagoeneko eginda daude Azkoitiko eta Zestoako solasaldiak. Azpeitiko hitzaldiarekin emango zaio amaiera lehen faseari.
Ondoren, herriz herri lan-saio parte-hartzaileak antolatuko dira. Saio horietan, eskualdeko eta herrietako egoera aztertzeko, proposamenak lantzeko eta lehentasunak adosteko aukera izango dute herritarrek. Azpeitiko partaidetza saioa maiatzaren 6an izango da, Azoka Plazan, 18:30ean.
