Machine translation

Egitarau oparoarekin datoz sanjoanak Urrestillara

2026/06/17
Ate joka dira Urrestillako sanjoanak, eta guztia prest dute ospakizunez eta ekitaldiz betetako egitarauari hasiera emateko. Azpeitiko Udalak autobusak antolatu ditu jaietara joan ahal izateko.
Egitarau oparoarekin datoz sanjoanak Urrestillara

Gaur zortzi izango da San Joan eguna, urrestildarren egun handia. Egun horren bueltan, ia aste osoko festa egitaraua antolatu dute, adin guztietako jendeari egokitutako ekitaldiekin.

Jaietara joan-etorriak errazteko, Azpeitiko Udalak autobus zerbitzu bereziak antolatu ditu. Larunbatean, ekainaren 20an, 20:40ean (lineakoa) eta 22:30ean irtengo dira joaneko autobusak. Itzulerakoak, berriz, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan izango dira. Behar adina buelta egingo dituzte autobusek, inor geltokian ez geratzeko.

San Joan bezperan eta egunean, hau da, ekainaren 23an eta 24an, lineako autobusak 19:15ean eta 20:40ean abiatuko dira Azpeititik Urrestillara. Jai giroak goizaldera arte iraungo duenez, itzulerako zerbitzuak 02:30ean eta 04:30ean eskainiko dira asteartetik asteazkenera arteko gauean eta 03.30ean eta 06:30ean asteazkenetik ostegunera arteko gauean.

Sua eta dantza, plazan ere protagonista

Sanjoan sua pizteko tradizioak bizirik dirau herriko hainbat txokotan, eta azken urteetan gero eta jende gehiago erakartzen du Azpeitiko plazan egiten den ospakizunak ere. Ekitaldia 22:00etan hasiko da, eta bertan izango dira Juan Antxieta musika eskolako, Luix Beltza dantza suelto eskolako eta Ikasberri dantza taldeko kideak.