Machine translation

Eguraldiak ez du festa zapuztu

2026/02/18
Kaldereroen kalejiratik hasi eta atzo suzko zezena itzali arte, musika, umorea eta kolorea izan dira nagusi Azpeitian. Karnabalak amaitu berritan, oro har, gustura dago udala aurtengo festek eman dutenarekin.
Eguraldiak ez du festa zapuztu

Eguraldiaren iragarpenak ikusita, kalean ikusgarriagoak izan ohi diren ekitaldi batzuk (umeen mozorro desfilea, DJ emanaldia, helduen mozorro lehiaketako sari banaketa…) aterpera aldatzea erabaki zuen udalak. “Hala ere, horrek ez du eragin jendea etxean geratzea, eta herritarren festarako gogoak gain hartu dio eguraldi txarrari”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Jende asko ibili da ekitaldi guztietan. “Atzo iluntzean ere, festen azken txanpa izan arren, jende asko zegoen kalean”. 

Karnabalek belaunaldi guztietako herritarrak festara bultzatzeko duten gaitasuna nabarmendu du zinegotziak. “Gero eta ohikoagoa da Jai Karnabalean eta Astelehen Karnabalean adin guztietako herritarrak ikustea elegantez jantzita edo mozorrotuta. Astelehen iluntze eta gau parteak ere sekulako indarra hartu du. Talde asko atera da aurten ere: batzuk urte mordoa daramatenak ateratzen, eta beste batzuk lehen aldiz. Ederra da karnabalzaleen jarraipen hori badatorrela ikustea”. 

Hala ere, festek izan dute alde ilunik ere. Astearte goizaldean, udal langile batek eraso bat jasan zuen lanean ari zela. “Horrelako gauzak ezin ditugu normalizatu parranda giroan gertatzen diren gauzak direla esanez; parrandan ere dena ez da libre”, adierazi du Odriozolak. 

Udalak eskerrak eman dizkie festan parte hartu duten guztiei, eta jaiak aurrera ateratzeko lan egin duten udal langile eta eragile guztiei.