- Parekidetasuna
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, ikastetxeetan lanketa, pilota partiduak eta erakusketa irekiera
2023/03/06
Asteazkenean Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta egun horren harira, hainbat ekintza izango dira. Hezkidetza Foroak sustatuta herriko ikastetxeetan Indarrak batuz, zaintza elkarbanatu! lemapean pobrezia eta zaintzaren inguruko lanketa eta ekintzak egingo dira. Horretaz gain, Izarraitz Pilotalekuan binakako eta zesta puntako emakumeen pilota partidak izango dira, 2023ko Euskal Herriko Ezker Pareteko Kluben arteko txapelketaren baitako partidako finalak izango dira, 19:30ean hasita. Martxoaren 8an, Fatiha Hajji Baba artistaren erakusketa ere irekiko da.
Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta Azpeitian hainbat ekimen egingo dira egun horren baitan. Aurtengoan, Hezkidetza foroaren bidez ikastetxeetan egun horren baitako lanketa egiten ari dira. Zehazki, pobrezia eta zaintzaren inguruko lanketa egiten ari dira Indarrak batuz, zaintza elkarbanatu! lemapean.
Azaldu dutenez, pobreziak eragin handiagoa du emakumeengan EAEn, faktoreen konbinazio baten ondorioz, besteak beste, soldata-desberdintasuna, lan-merkatuan gutxiago parte hartzea, lan prekarioak, zaintza-erantzukizunak eta genero-diskriminazioa ematen dira.Datu bat ere eman dute: Euskadin, emakumeek gizonek baino % 24 gutxiago irabazten dute batez beste, Emakumearen Euskal Erakundeak egindako 'Soldata-arrakala eta kristalezko sabaia' txostenaren arabera.
Bestalde, emakumeek aukera gehiago dituztela " lan prekarioetan eta gaizki ordaindutakoetan" lan egiteko gaineratu dute; hala nola, lanaldi partzialean edo soldata baxuak dituzten sektoreetan. Lan horiek ez dute finantza-egonkortasun nahikorik eskaintzen, eta emakumeei ez diete uzten aurrezten edo etorkizunean inbertitzen. Ordaindu gabeko zainketen kargak ere eragina izan dezakeela emakumeen osasunean aipatu dute. Emakumeek estresa eta nekea senti ditzakete zaintza-erantzukizunak beste konpromiso batzuekin orekatzen saiatzean, eta horrek ondorio negatiboak izan ditzake haien osasun fisikoan eta mentalean.
Hori guztiagatik, ikastetxe barruko mailaz mailako lanketaz gain, bihar, martxoaren 8a izanik, ikastetxe bakoitzak horma-irudi bat margotuko du.
Pilota txapelketako finala
bihar arratsean, 19:30ean hasita Izarraitz pilotalekuan, 2023ko Euskal Herriko Ezker Paretako Kluben arteko txapelketako finalak ere jokatuko dira. Lehen partida, Ohorezko Mailako eskuz binakako partidua izango da eta Lea Ibarra A (Alday -Gaminde), Behar-Zanaren (Larrarte -Erasun) aurka arituko dira. Ondoren, Ohorezko Mailako Binakako Zesta Punta finala jokatuko da Markina A (Mugartegi eta Lajardi) Berriaturen (Gogenola-Aldazabal) aurka arituko da norgehiagoka, Sarrera doan izango da eta herritarrak finala ikustera animatu nahi ditu udalak.
Erakusketa irekiera
Bihar 18:00etan, Fatiha Hajji Baba artistaren erakusketa ere irekiko da Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Bere artearen bidez bere "izaera, sentimenduak eta ideiak islatzen" ditu. Bere lanetan kolore "asko" erabiltzen ditu "bizitzaren arazoak estali eta disumulatzeko". Txikitan, bere jaioterrian, Marokon hasi zen pintatzen eta, orain, "injustiziaren aurka eta giza eskubideen alde" bere ideaik adierazten jarraitzen du artearen bidez.
Erakusketa bihartik martxoaren 19a bitartean iznago da irekita: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.
