- Festak
Errege Magoak Salbe auzotik ere pasatuko dira aurten
2026/01/02
Honezkero Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak noiz iritsiko zain egongo dira umeak. Aurten ere, herriko hainbat kale zeharkatuko dituzte beren karroza dotoreetan, herriko gaztetxoak lagun dituztela.
Lehenik eta behin, 16:15 inguruan, Lasaora iritsiko dira, eta han txu-txu trena hartuta, 17:00ak bueltan, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira. Jarraian, atseden bat hartuko dute erregeek, eta desfile nagusia 19:00etan hasiko da.
Aurten, aldaketa nagusi bat egongo da ibilbidean: Salbe auzotik ere igaroko dira erregeak. Igerileku aurretik abiatuko dira, goraka; ondoren, ezkerrera hartuko dute, Salbe auzoan sartzeko. Jose Antonio Agirre plazaren ondotik pasatu, eta berriro ere igerileku aurrera itzuliko dira, eta handik aurrera, aurreko urteetako ibilbide bera egingo dute: Urbitarte auzotik, Jose Artetxe kaletik eta Goiko kaletik pasatu ostean, Alde Zaharreko lau kaleak zeharkatuko dituzte, eta udaletxeko balkoitik hitz batzuk esanez amaituko dute.
Lehenik eta behin, Lasaora irisiko dira erregeak, eta parrokiaren aurrean ere egingo dute geldialdi bat.
Eguraldiak laguntzen ez badu, baliteke ibilbidea aldatzea.
Aldaketak autobus geltokietan
18:00etatik 20:00etara, itxita egongo da epaitegi aurretik hasi eta kanpoko igerilekua amaitzen den tartera arteko errepidea. Ondorioz, Sanjuandegiko autobus geltokiak bertan behera geratuko dira, eta, haien ordez, Esklaben aurrean aldi baterako jarri ziren geltokiak erabiliko dira.
Erregeen pajeak, igandean
Haurren eskutitzak jaso ahal izateko, igandean, 17:30etik aurrera, udaletxeko arkupean egongo dira erregeen pajeak ere.
