‘Ertzetako ahotsak oholtzara’ dokumentala aurkeztuko dute ostiralean Sanagustinen
2026/05/12
Duela bi urte, Azpeitiko Udalaren ekimenez, herriko LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa egin zen, eta harekin batera ekintza plan bat ere osatu zen. Prozesu hartan atera zen ondorioetako bat honako hau izan zen: memoria eta erreparazioa lantzen jarraitzeko beharra zegoela, urte luzez isilarazi edo ikusgarritasunik gabe egon diren bizipenei aitortza eta tokia emateko.
Diagnostiko haren ondoren, iazko urrian, LGTBIQ+ jardunaldiak antolatu ziren, Kontuan hartzeko kontatua izenburupean, hausnarketarako eta elkargunerako espazioak sortzeko helburuarekin. Aurten, berriz, beste urrats bat eman da norabide berean, eta horren emaitza da Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburra.
Ikus-entzunezkoak hainbat lekukotza jasotzen ditu, herriko LGTBIQ+ pertsonen bizipenak, memoriak eta esperientziak bilduz. Dokumentalaren bidez, ahots horiek erdigunean jarri nahi izan dira, memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko eta erreparazioan sakontzeko. Hain zuzen ere, sentsibilizazioa lantzeko erabili nahi da dokumentala, besteak beste, herriko ikastetxeetan.
Lana ikusteko lehen aukera ostiral honetan, maiatzaren 15ean, izango da, Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik aurrera. Azpeitiko LGTBIQ+ diagnostikoa bezala, dokumentala ere Eihera kooperatibak egin du. Proiekzioaren ondoren, galderak egiteko aukera ere egongo da.
Ekitaldia biribiltzeko, DJak
Arratsaldeari amaiera emateko, 19:00etan, DJ emanaldia izango da. Jabetze eskoletako DJ tailerrean parte hartu dutenek jarriko dute musika. Aurten, lehen aldiz antolatu dira LGTBIQ+ pertsonentzako jabetze eskolak, eta eskaini den tailerretako bat izan da DJ tailerra.
Ekimen hau maiatzaren 17an ospatzen den LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan ere kokatzen da.
