Machine translation

‘Ertzetako ahotsak oholtzara’ ekitaldiaren data berria: ekainak 12

2026/05/22
Maiatzaren 15ean egitekoa zen Ertzetako ahotsak oholtzara ekitaldia atzeratu egin zuen udalak, soinu teknikarien greba zela eta. Ekainaren 12an, ostiralez, egingo da, Sanagustin kulturgunean. Gainera, berrikuntza bat ere gehitu da egitarauan: Siwanaba DJaren emanaldia.

Ekitaldiaren ardatza Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburraren aurkezpena izango da. Azpeitiko Udalak duela bi urte sustatutako LGTBIQ+ errealitateen diagnostikotik abiatu zen proiektua. Diagnostiko hartan ondorioztatu zen memoria eta erreparazioa lantzen jarraitzeko beharra zegoela, urte luzez isilarazitako edo ikusgarritasunik gabe egon diren bizipenei aitortza eta tokia emateko.

Norabide horretan, iazko urrian Kontuan hartzeko kontatua jardunaldiak antolatu ziren, hausnarketarako eta elkargunerako espazioak sortzeko helburuarekin. Aurten, berriz, urrats berri bat eman da, eta haren emaitza da dokumental hau. Ikus-entzunezkoak herriko hainbat LGTBIQ+ pertsonaren lekukotzak jasotzen ditu, bizipenak, memoriak eta esperientziak erdigunean jarriz, memoria kolektiboa eraikitzen eta erreparazioan sakontzen laguntzeko.

Dokumentala Eihera kooperatibak egin du, Azpeitiko LGTBIQ+ diagnostikoa bezala, eta aurrera begira sentsibilizazio tresna gisa ere erabili nahi da, besteak beste herriko ikastetxeetan.

Ekainaren 12ko ekitaldiaren amaieran musika izango da protagonista. Lehenik eta behin, jabetze eskoletako DJ tailerrean parte hartu duten ikasleek eskainiko dute saioa. Ondoren, Siwanaba DJaren emanaldia izango da. 

EGITARAUA

Ekainak 12, ostirala

  • 18:00etan: dokumentalaren proiekzioa
  • Ondoren: luntxa kanpoan
  • 19:00etan: DJ tailerreko ikasleen saioa
  • 20:00etan: Siwanaba DJaren emanaldia