- Adinekoak
- Ongizatea
Ezagutzen al dituzu Azpeitian dauden zaintza baliabideak?
2025/11/13
Azpeitiko Udalak urte hasieran abiatu zuen Zaintza Denontzat prozesua, zaintzaren gaia erdigunean jarri, eta zaintza eredua eraldatzeko. Mugarri nagusienetako bat Zaintza Mahaia eratu izana da. Herritarrek eta hainbat eremutako profesionalek osatzen dute, eta aldiro-aldiro biltzen da. Besteak beste, datozen urteetarako zaintza plana diseinatzea izango da mahai horren zeregina.
Bide horretan, eta Matia institutuaren eta Zabalduz kooperatibaren laguntzarekin, herriko egoerari buruzko diagnostiko kualitatibo bat egin da aurrena; diagnostiko hori herriratzeko, topaketa bat ere egin zen irailaren amaieran; aste honetan bertan, heriotzari buruzko kafe tertulia ere izan da San Martin egoitzan. Era berean, beharrezko ikusi da herrian dauden zaintza baliabideak ezagutaraztea.
Eremu publiko, pribatu eta komunitarioko ekimenak
Horretarako, saio ireki bat egingo da datorren asteartean. Lehen zatian, Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuen lana ezagutzeko aukera izango da. Horrez gain, anbulatorioko arduradunek anbulatorioaren eta Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazioa nola egiten den kontatuko dute.
Bigarren zatian, eremu pribatutik edo komunitariotik eskaintzen diren eta zaintzaren gaiarekin lotura zuzena duten proiektuak aurkeztuko dituzte. Honako hauek parte hartuko dute: herriko farmazietako, Enkarguk zerbitzuko, Adinkideko eta Baigerako kideek. Izan ere, administrazio publikoak eskaintzen dituen baliabideez gain, horiek ere ezinbestekoak dira zaintzari modu integralean erantzuteko.
Azoka Plazako aretoan (1. solairua) izango da saioa, 17:00etan hasita. Ez da ezinbestekoa izena ematea, baina antolakuntza errazteko, komenigarria da. Lotura honetan egin daiteke, edo Gizarte Zerbitzuetara deituta: 943 15 71 92. Itzulpen zerbitzua eskainiko da, eta behar duenak izena emateko bide berberak erabili behar ditu eskaera egiteko.
