Machine translation

Festa batzordeek botako dute saninazioetako txupinazoa

2026/06/30
Hilabete eskas falta da saninazioetarako. Gaur hilabete, eguerdi partean, bete egingo da plaza, festei hasiera elkarrekin emateko. Alabaina, plaza ez ezik, udaletxeko balkoia bera ere beteta egon daiteke aurtengoan; izan ere, herritarrek bozketa bidez hala erabakita, herriko festa batzordeek izango dute txupinazoa botatzeko aukera.
Festa batzordeek botako dute saninazioetako txupinazoa

“Herri festazalea garela ezin ukatu. Gustatzen zaigu festan ibiltzea, baina festak antolatzeak jende askoren lan handia eskatzen du. Horretan ere zortekoak gara Azpeitian, boluntario ugariz osatutako dozena inguru festa batzorde ditugulako. Ederra izango da saninazio bezperan horietako guztietako ordezkariak udaletxeko balkoian ikustea”, esan du Mikel Odriozola batzordeburuak.

Behin bozketako emaitzak ezagututa, festa batzordeetako ordezkariekin bilera bat egitea da udalaren asmoa, uztailaren 30eko ekitaldiaren nondik norakoak antolatzeko.

Partaidetza handia

Azpeitiko Udalak hirugarren aldiz erabili du bozketa sistema txupinazoa nork bota erabakitzeko. “Oso gustura gaude izaten duen partaidetzarekin”, azaldu du Odriozolak. Haren esanetan, bozketa sistemaren bidez, norbaiti txupinazoa botatzeko aukera ematea "eskertza edo aitortza" moduan planteatzen du udalak. “Uste dugu horrela ulertzen dutela herritarrek ere. Horren erakusle da bai hautagaiak proposatzeko fasean eta bai lau hautagaien arteko bozketan izaten den parte hartze handia”.

Aurten, txupinazoaren bidez, festa batzordeek jasoko dute aitortza eta eskertza hori, baina botoek erakutsi dute beste hiru hautagaiei ere ikusten zizkietela nahikoa merezimendu herritarrek, hau da, haiek irabazi izan balute ere, poz hartuko zutela. Hain zuzen ere, 853 herritarrek eman dute botoa, (Azpeitian erroldatutakoek bakarrik zuten aukera), eta oso estu egon da lehia.

Gustukoenetik hasitako hurrenkeran, lau puntutik puntu batera eman behar ziren botoak. Festa batzordeek 2.306 boto jaso dituzte; Kulturazek, 2.226; Bertan Merkatari Elkarteak, 2.118; eta Amaia Garmendiak, 1.870. “Udaletxeko balkoian egongo ez diren arren, gainerako hautagaiei ere eskertu nahiko genieke bakoitzak bere arloan egiten duten lana eta ekarpena”, gehitu du Odriozolak.