Machine translation

Festetako barraka esparruen lizitazioa martxan du udalak

2026/05/11
Azpeitiko Udalak 2026tik 2029ra arteko Sanjuandegiko festetan eta saninazio-santio festetan barrakak, atrakzioak eta elikadura postuak jartzeko jabari publikoa okupatzeko baimenen lizitazioa abiatu du. Maiatzaren 18ra arte aurkeztu beharko dira proiektuak.
Festetako barraka esparruen lizitazioa martxan du udalak

Lau urterako esleitu ohi du udalak baimen hori. Lizitazioa bi sortatan banatu da. Alde batetik, Betharrameko eremua, santio eta saninazio jaietarako. Han barrakak eta postuak instalatzeko baimenaren urteko gutxieneko kanona 4.475 eurokoa izango da. Bestetik, Euskal Herria auzoko eremua, Sanjuandegiko jaietarako. Kasu horretan, gutxieneko kanona 1.225 eurokoa izango da urtean.

Interesdunek sorta batera edo bietara aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak. Esleitutako zenbatekoak urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

Proposamenak bi modutan aurkeztu ahal izango dira: modu elektronikoan, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez, edo aurrez aurre, gutun-azal itxian, Azpeitiko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ). Gainera, sorta bakoitzeko eskaintza gutun-azal independente batean aurkeztu beharko da. Ez dira onartuko udal erregistro elektroniko bidez aurkeztutako eskaerak.

Lizitazioaren baldintza eta dokumentazio osoa Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman dago ikusgai.