Machine translation

Hanburgesa festa izango da larunbatean Azoka Plazan

2026/05/18
Gipuzkoako harakinen eta herriko taberna-jatetxeen arteko lehiaketak oinarri hartuta, hanburgesa dastaketa eta jai giroa uztartuko dira ekitaldi erakargarri honetan.
Hanburgesa festa izango da larunbatean Azoka Plazan

Hanburgesa gustuko dutenentzat hitzordu aproposa izango da larunbat honetan, maiatzak 23, Azpeitiko Azoka Plazan. Arratsaldeko 18:00etan hasita, hanburgesen topagune bihurtuko da berriz ere Azpeitiko plaza, Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkurak antolatutako ekitaldiari esker. 

Egitarauaren erdigunean bi lehiaketa daude: alde batetik, 5. Gipuzkoako hanburgesa haragi lehiaketa, Gipuzkoako harakinei zuzendua; eta, bestetik, 2. Azpeitiko hanburgesa osatu lehiaketa, herriko taberna eta jatetxeei zuzendua. 

Izen-emateak bideratuta 

Izen-emateak duela aste batzuk zabaldu ziren eta, momentuz, Gipuzkoako hemeretzi harategik eman dute izena probintzia mailako lehiaketan. Inskripzio epea maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik lehiaketa honetan. Interesatuek ederto@ederto.com helbidera edo 943 86 53 52 / 671 64 34 88 telefono zenbakitara zuzendu behar dute. 

Azpeitiko ostalariei zuzendutako lehiaketa iaz egin zen lehen aldiz, eta arrakasta handia izan zuen. Aurten, zortzi ostalaritza-establezimenduk eman dute izena: Aisialdi, Ertz, Korrale, Main, Mendizabal, Mendizaliek, Pastorkua eta Sanagustinek. 

Parte hartzaile bakoitzak bere hanburgesa proposamena aurkeztuko du, eta epaimahai espezializatu batek hainbat alderdi hartuko ditu kontuan balorazioa egiteko: zaporea, sormena, aurkezpena eta hanburgesaren kalitate orokorra. 

Irabazleen izenak maiatzaren 23ko jardunaldian bertan emango dira ezagutzera bi lehiaketen kasuan, eta dagozkien garaikurrak jasoko dituzte lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuek. 

Gainera, herriko lehiaketaren kasuan, hanburgesa irabazlea establezimenduaren eskaintzan egongo da ondorengo asteetan ere, herritarrek eta bisitariek egun handitik harago ere dastatzeko aukera izan dezaten. 

Betiko giroa, baina berritasunak ere bai 

Aurreko urteetan bezala, lehiaketarekin batera, dastaketa herrikoia egingo da Azoka Plazan. Bertan, herritarrek eta bisitariek lehiaketara aurkeztutako haragiarekin egindako hanburgesak dastatzeko aukera izango dute, horretarako prestatutako postuetan. 

Ekimenak, beste behin ere, publiko guztientzako gastronomia-esperientzia eskainiko du, Azpeitiko erdigunea herritarren eta bisitarien topagune bihurtuz. Izan ere, taberna zerbitzua izango da Izarraitz Igeri Elkartearen eskutik, eta Larreta izozki eta jogurtak eskainiko dira postretzat. 

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat Azoka Plazako jai giroaren luzapena izango da. Izan ere, jardunaldia ez da sari banaketarekin amaituko; horren ostean, 80ko hamarkadako musikaz gozatu ahal izango da DJ batekin. 

Antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte Hanburgesa Festara.