Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Festak

Haurren karrozaren aurtengo gaia: Urolako Trena

2025/11/03
Azpeitiko Udalak karrozaren diseinua egiteko proiektuen lehiaketa antolatu du aurten ere. Azaroaren 28rako aurkeztu beharko dira proposamenak.
Haurren karrozaren aurtengo gaia: Urolako Trena

2026ko otsailean, ehun urte beteko dira Urolako trenbidea inauguratu zutenetik; era berean, 2026ko uztailean, berrogei urte beteko dira azken bidaia egin zuenetik. Bi data horiek kontuan hartuta erabaki du udalak gaitzat Urolako Trena jartzea aurten.

Bi aldiz aterako da karroza: San Sebastian egunez, urtarrilaren 20an, haurren danborradan; eta Jai Karnabalean, otsailaren 15ean, artzain-inudeen desfilean

Karrozaren proiektu-lehiaketaren oinarriak ondorengo hauek dira:

  • Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek har dezakete parte. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
  • Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  • Proiektuek, ezinbestean, sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak, eta lanaren egileak izango du erantzukizun osoa baldintza hau ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  • Karroza diseinatu eta egiteko proposamenean genero ikuspegia kontuan izan beharko da, emakumeen eta gizonen egoera, beharrizan, interes, asmo eta problema espezifikoak, batzuen eta besteen arteko desberdintasunak aintzat hartuz.
  • Karrozaren neurriak ondorengo hauek dira: 2,80 m-ko zabalera, 3,85m-ko luzera eta 3,20 m-ko altuera.
  • Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko gutunazal batean egilearen datuak zehaztuko dira: NA, helbidea, telefonoa eta kurrikuluma.
  • Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 28an amaituko da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna modu egokian jakinaraziko da.
  • Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du, eta bost pertsonak osaturikoa izango da.
  • Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta proiektua gauzatzeko esleituko da.
  • Planoak, bozetoak, 11.500 € baino gehiagokoa ez den aurrekontu zehaztua eta gehienez A-4ko bi orrialde hartzen dituen memoria txiki bat aurkeztu beharko dira.
  • Lehiaketaren irabazleak 1.500 €-ko saria jasoko du.
  • Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitate edo baliorik.
  • Oinarri hauek eta bertako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuko.
  • Deialdi honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea esan nahi du.
  • Epaimahaiak hartuko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztien gaineko erabakiak, eta erabaki horiek apelaezinak izango dira. Epaimahaiak karrozaren exekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lanak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du kopuru osoa jasotzeko.
     

Proiektuak helbide honetara bidali beharko dira: 

Azpeitiko Udala. Festa batzordea.
Enparantza nagusia, 5
20.730 Azpeitia