Machine translation

Herria, danbor hotsen zain

2026/01/12
Gaur egin dute San Sebastian jaien aurkezpen argazkia Nagore Alkorta alkateak, Mikel Odriozola Festa batzordeburuak eta haur nahiz helduen danbor taldeetako ordezkariek.
Herria, danbor hotsen zain

Markak hausten jarraitzen du helduen danborradak. Iturri eta Vivero talde berrien partaidetzarekin, 33 talde aterako dira aurten, hau da, 1.600 danbor jotzaile baino gehiago. Bandera igo ondoren, Irrintzi taldeak omenaldia jasoko du udaletxean, aurten 50 urte beteko dituelako danborradan.

San Sebastian egunean, haurren danborradan, 500 partaide baino gehiago aterako dira, hamar taldetan banatuta. Urolako Trenari buruz Arte eta Diseinu Ikastegiak egindako karroza joango da ibilbidea itxiz.

Azken orduko aldaketarik ezean, sokamuturrik gabeko San Sebastian eguna izango da aurtengoa, Eusko Jaurlaritzak debekatuta baititu abereekin egiten diren ekitaldiak, gutxienez otsailaren 26ra arte. Hala ere, egitarau oparoa prestatu du udalak

Zesta punta eta familientzako ikuskizuna

Zesta puntak hartuko du Izarraitz pilotalekua. 18:00etatik aurrera, Jai Alai Winter Series desafioa jokatuko dute; alde batetik, Helena eta Frida Maite eta Maialenen aurka ariko dira; bestetik, Erkiaga eta Lekerika Urresti eta Lopezen aurka. Sarrerak salgai daude dagoeneko helbide honetan.

Horrez gain, 17:30ean, Soreasu antzokian, Bat, bi, hiru, magia! ikuskizuna izango da.

Sansebastianei amaiera emateko, banderaren jaitsieran, sei talde hauei egokituko zaie ateratzea aurten: Iturri, Vivero, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza. 

Barrakak ere bai

Beste urteetan ez bezala, aurten barrakak ere jarriko dituzte sansebastianetan. Urtarrilaren 16an, 17an, 18an 19an eta 20an egongo dira zabalik, Jose Artetxe kaleko aparkalekuan. Ume eta nerabeentzako zazpi atrakzio eta bi kaseta jarriko dituzte, eta 2,5 euro balioko du bueltak.

Egun horietan, Jose Artetxe kaleko aparkalekua ez da erabilgarri egongo, baina Izarraizpe ikastolako (lehengo Urola) eta Iraurgiko bi aparkalekuak zabalik egongo dira.

Balkoitik ikusteko aukera

Aurreko urteetan bezala, banderaren igoera eta jaitsiera udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eskainiko du udalak. Urtarrilaren 15ean (10:00ak arte) amaituko da izena emateko epea. Horretarako, udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 15 70 68 telefonora deitu behar da, eta izen-abizenak, kontakturako zenbaki bat eta zein egunetako zozketan (igoeran, jaitsieran edo bietan) parte hartu nahi den zehaztu behar da. Sei pertsonak eta aukeratzen duten laguntzaile banak izango dute egun bakoitzean balkoira igotzeko aukera.

Festa parekideen alde

Jai eredu parekideen aldeko apustua egingo du udalak sansebastianetan, Danona da festie, danona da ardurie lelopean.