Machine translation

Hiru talde gehiago aterako dira  2027ko sansebastianetako helduen danborradan

2026/06/04
Danborradak urtez urte pizten duen ilusioaren eta parte hartzeko gogoaren erakusgarri, helduen beste hiru taldek egin dute San Sebastian bezperan ateratzeko eskaera: Udal Euskaltegiak, Bertan Merkatari Elkarteak eta Santiyo taldeak. Hala, 36 talde izango dira datorren urteko danborradan.
Hiru talde gehiago aterako dira  2027ko sansebastianetako helduen danborradan

Talde berri baten sorrera baimendu ahal izateko, irizpide batzuk ditu finkatuta udalak. “Eskaera egin duten taldeek betetzen dituzte baldintza horiek, eta ez dugu parte hartzea mugatzeko arrazoirik ikusten”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Are gehiago, jendeak herriko festa batean parte hartzeko halako gogoa izatea “pozgarria eta harro egoteko modukoa” dela nabarmendu du. “1.800 pertsonaren bueltan ibiliko da helduen danborrada, eta Azpeitia bezalako herri batentzat, hori izugarria da”.

Plazako espazio faltaren erronkari heltzeko prest

Azken urteotan, talde bat gehiago sortu izan den bakoitzean, galdera bat atera izan da: “Ba al dago denentzako tokirik plazan?”. Gaiari heltzeko ordua iritsi dela esan du Odriozolak. “Lehendik ere oso larri ibiltzen ginen plazan, eta 36 talderekin, ez gara sartuko. Beraz, espazio faltari erantzuteko formulak aurkitu beharko ditugu”. Festa batzordeburuaren esanetan, gaur egun, danborradaren amaiera kioskoaren atzean edo Azoka Plazan egokitzen zaienek ere ez dute bete-betean bizitzen plazako giroa. “Danborradatik kanpo egoten dira eta nahaste handia sortzen da”. 

Danborrada batzorde bat dago herrian, udal ordezkariek eta zenbait taldetako ordezkariek osatzen dutena (txandaka aldatzen da). Aukera posible batzuk landu ditu batzorde horrek, eta bi onetsi ditu; atzo, bilera bat egin zuten talde guztietako ordezkariekin, eta han azaldu zituzten bi proposamenak.

  1. Gaur egungo ibilbidea mantentzea, baina parrokian geratu gabe. Plaza Txikira iristean, lehen hamabi taldeak, Done Jakue Kalean behera, parrokiara joango lirateke, eta gainerako 24ak, ohi bezala, plazara. Era horretan, gauerdiaren bueltan, bi tokitan banatuta joko lituzkete San Sebastian martxa eta haren aurreko eta ondorengo piezak. Parrokian egokitzen zaienek parrokian amaituko lukete danborrada, eta plazakoek, plazan. Udal Musika Bandak kioskoan jotzen duen musika entzungo lukete bozgoragailuetatik, eta pantaila bat jarriko litzateke plazako giroa ikusteko.
  2. Lehen proposamenaren berdina, baina ohiko pieza guztiak jo ostean, parrokian jotzea egokitu zaien hamabi taldeek plazara joateko aukera izango lukete, han beste pieza batzuk jo ahal izateko. Proposamen horrekin, aldi berean ez, baina talde guztiek izango lukete plazan jotzeko aukera San Sebastian bezperan. Zertxobait luzatu egingo litzateke danborrada.

Danborrada batzordearen proposamena da txandaka aldatzen joatea: bi urte plazan eta bat parrokian.

Atzoko bileran, danborrada batzordearen proposamenak aurkeztu ostean, bi data berri jarri zituzten: ekarpenen bat egin edo beste proposamen bat aurkeztu nahi duten taldeek ekainaren 16ra arteko epea izango dute; ekainaren 30ean, talde guztien ordezkariekin bilera egingo dute berriro, erabaki bat hartzeko.