- Festak
Indarberrituta eta ekitaldiz beteta datoz Errebaleko sanmartinak
2025/10/31
Azaroaren 11 izaten da San Martin eguna, eta egun horren bueltan ospatu ohi dituzte auzoko festak Buztintzuriko Errebaleko kaletarrek. Inoiz ez zaio festak antolatzeari utzi izan, baina azken urteotan, ekitaldi gutxi batzuetara mugatu izan dira jaiak. Aurten, festak indarberritzeko ahalegina egin du auzotar talde batek, eta San Martin egunaren aurreko asteburu osoan izango da festa giroa.
- Ostirala, azaroak 7. 18:00etan, txupinazoa irudikatu, eta kartel handi bat margotuko dute haurrek, festak hasteko. Haurrentzako jolasak ere izango dira.
- Larunbata, azaroak 8. Sokamuturra zen egitekoa arratsaldez, baina dermatosi nodular kutsakorra prebenitzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak tarteko, ezingo da egin. Hala ere, gaztetxoentzat zerbait egongo dela iragarri dute. Horrez gain, 19:30etik aurrera, UK03 txaranga ibiliko da kalea girotzen. Ondoren, ogitarteko jana izango da. Norberak eraman beharko du etxetik, baina mahaiak eta aulkiak jarrita egongo dira, eta edaria ere eskuratu ahal izango da kalean bertan. Afalostean, berriz ere UK03 txarangak joko du.
- Igandea, azaroak 9. 09:00etan, txistularien goiz eresiarekin esnatuko da eguna. Ondoren, 11:30ean, kalean bertan bizi diren trikitilariak aterako dira. 12:00etan, kulturarteko irrintzi topaketa egingo dute, balkoietatik, eta euskal irrintziak eta zaghareet sahararrak entzuteko aukera izango da. Nahi duen edozein gonbidatu dute parte hartzera; gainera, partaide guztien artean Bertan merkataritza elkartearen hiru bono zozkatuko dituzte. Festak bukatzeko, kale bazkaria egingo dute: eguraldi ona eginez gero, kalean bertan, eta txarra eginez gero, Inpernu elkartean. Errotatxo okindegian edo errebalekofestak@gmail.com helbidean egin behar da erreserba.
Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak eskerrak eman dizkie auzotarrei festak sustatzeko ekimena hartu izanagatik. “Sanmartinak, gutxiago edo gehiago, beti ospatu dira, baina pozgarria da auzotar talde bat animatu izana festa hauek indarberritzera”.
Esan du udala beti saiatzen dela herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean antolatzen festak, tartean, baita auzoetako festak ere. “Bizilagunek beraiek antolatutako festek beste xarma eta inplikazioa bat izaten dute; iruditzen zaigu auzotarrek beraiek antolatu behar dituztela festak, eta baliabideak jartzea dagokiola udalari. Beraz, zorionak Errebaleko bizilagunoi, eta festa hauek izan daitezela auzotarren arteko sarea sendotzeko eta kalea biziberritzeko pauso bat”, gaineratu du.
