Irailaren 23tik aurrera, berriz ere sarbide kontrol bidez funtzionatuko dute edukiontziek
2026/09/18
Udalak berriz ere etxe guztietara bidali ditu edukiontziak irekitzeko txartelak (lehengoek ere balio dute). Hala ere, badago berrikuntza bat. Orain arte, txartelaren bidez bakarrik irekitzen ziren edukiontziak; aurrerantzean, bi modu egongo dira: txartelaren bidez edo mugikorreko Ireki aplikazioaren bidez. Etxeetan jasotako eskutitzetan ageri da aplikazioa deskargatzeko QR kodea, eta bertan ageri dira lotura egiteko jarraibideak (txartel berrian dagoen QR kodea erabili behar da).
Gainerakoan, orain arte bezala funtzionatuko du sistemak: edukiontziak eguneko 24 orduetan egongo dira erabilgarri, eta herritar bakoitzak dagozkion edukiontziak erabili beharko ditu (lehengo berberak).
Azken urteotan, asko ez bada ere, behera egin du hondakinen banatze tasak, eta sarbide kontrolarekin, horri buelta emateko ahalegina egingo da. Udalak gogoratu nahi du denon ardura dela hondakinen kudeaketa arduratsu eta jasangarria egitea, eta bide horretan laguntza eta konpromisoa eskatu dizkie herritarrei.
