Machine translation

Iruñeko hilketa matxista salatu du udalak

2026/04/13
Indarkeria matxistak beste biktima bat eragin zuen atzo, Iruñeko Sandulezai auzoan. Azpeitiko Udalak bere elkartasuna adierazi die hildakoaren senide zein gertukoei, eta Azpeitiko Feministen Sareak biharko (asteartea) deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du. 18:30ean izango da, plazan.
Iruñeko hilketa matxista salatu du udalak

Aurten, dagoeneko hiru hilketa matxista erregistratu dira Euskal Herrian; horrez gain, Irungo emakume bat ere hil zuen bikotekideak Zaragozan (Espainia). 2003tik, 136 hilketa matxista erregistratu dira Euskal Herrian. 

Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile.

Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea.

Horregatik, Azpeitiko Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraituko du berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu.

Erasoren baten aurrean, honako telefonoetara dei dezakezu:

  • Gizarte Zerbitzuak: 943157192
  • Udaltzaingoa: 092 edo 943 15 13 13
  • Emakumeen Txokoa: 688751000
  • Ertzaintza: 112