- Festak
Kepa Loidi harategiarentzat izan da Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketako txapela
2025/11/08Euriak ez du zapuztu 18. Ardo Dastaketa Eguna, eta giro ederrean joan da eguerdia Azpeitiko plazan. Adin guztietako jendea bildu da hamaika upategik eskainitako ardoa dastatzera.
Aldi berean, Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa ere egin da, eta Oriora joan da txapela, Kepa Loidi harategiak irabazi baitu. Donostiako Okela geratu da bigarren, eta Zegamako Patxi Oiarbide hirugarren. Hemeretzi harategik parte hartu dute lehiaketan.
Sari banaketan, Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeari ere egin zaio aipamena, Ardo Eguna antolatzen hasi zirenetik aritu baitira laguntzen. Izarraitz Igeri Elkartea gehitu da aurten zeregin horretara, Misio Taldearekin batera.
