Machine translation

Landa eremuko lur sailak mugatzen  jarraituko du udalak

2026/09/04
15. eta 18. poligonoetako lur sailak mugatuko ditu aurten. Jabe guztiekin bilera antolatu du irailaren 24rako.
Landa eremuko lur sailak mugatzen  jarraituko du udalak

Aurrez 1etik 7ra bitarteko, 9tik 11ra bitarteko eta 13. poligonoetako lursailen mugaketa egin ostean, Azpeitiko Udalak 15. eta 18. poligonoetako landa lursailen mugaketa egingo du aurten. Horretarako, Geograma enpresaren laguntza teknikoa izango du, eta aldundiaren Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren laguntza ekonomikoa.

Proiektuaren helburua lursailen mugak argitzea eta, behar izanez gero, zuzentzea da, baita mugarrien kokapena zehaztu eta GPS bidezko koordenatuak ematea ere. Lanen ondoren, jabe bakoitzari mugak eta mugarriak jasotzen dituzten planoak emango zaizkio, eta beharrezkoa bada, katastroko informazioa eguneratu ahal izango da.

Guztira, 975 hektarea inguruko 677 lursail baino gehiago mugatzeko lanak egingo dira fase honetan. Horretarako, 186 jabe baino gehiagoren lankidetza beharrezkoa izango da. Jabeek lursailen mugak garbitu, mugarriak aurkitu eta mugakideekin mugak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egin ahal izateko. Parte hartzea borondatezkoa eta doakoa izango da jabeentzat. Hala ere, mugakideekin adostasunik ez badago, ezin izango da neurketa egin.

Udalak azaldu duenez, jabeen edo oinordekoen artean lursailen mugen inguruko ezagutza galtzeak mugak nahastea edo mugarriak desagertzea eragin dezake. Horrek landa lurren kudeaketan eta zaintzan eragina izan dezake.

Parte hartzearen garrantzia

Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, 15. eta 18. poligonoetako lursailen jabeekin bilera egingo du Udalak irailaren 24an, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Jabe guztiek bilerarako deialdia jasoko dute gutun bidez. Udalak jabeen parte hartzea eta lankidetza eskatu ditu, proiektua behar bezala gauzatzeko ezinbestekoa izango baita.

Herriko landa lurraren hedadura handia denez, gainerako poligonoak hurrengo urteetan egingo dira.