Lau hautagaiak aukeratuta, zabalik dago txupinazoa nork bota erabakitzeko bozketa
2026/06/19
Bi bide egongo dira botoa emateko; alde batetik, Internet bidez; eta, bestetik, udaletxean, igerilekuan eta liburutegian egongo diren postontzien bidez. Herritar bakoitzak behin bakarrik eman ahal izango du botoa; horregatik, nortasun agiria eskatuko da; herrian erroldatuta ez daudenek ezin dute bozketan parte hartu.
Puntuazio bidezko sistema izango da; hau da, norberari gehien gustatzen zaion hautagaiari lau boto eman behar zaizkio, eta gainerakoei hiru, bi edo bat, lehentasunen hurrenkeran. Guztiei eman behar zaie botoren bat.
Herriari egindako ekarpena, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina, euskal kulturaren alde egindako lana eta beste irizpide batzuk kontuan hartuta, proposamen guztien artean honako hautagai hauek aukeratu ditu Festa Batzordeak.
- Kulturaz Kooperatiba. 15 urte beteko ditu aurten Kulturaz Kooperatibak. “Herriko kultur mugimenduaren alde egiten duen lanagatik” eta “Azpeitia kultur arloan erreferente bihurtu izanagatik” proposatu dute.
- Amaia Garmendia. Herriko hainbat mugimendu eta borrokatan “aitzindari” izateagatik proposatu dute.
- Bertan Merkatari Elkartea. Herriko denda txikiak “herriko bizitzaren euskarri” direlako proposatu dute Bertan.
- Herriko festa batzordeak. Besteak beste, “urteroko lanaren aitortza gisa” eta “gazteek egiten duten borondatezko lanaren eskertza” gisa proposatu dituzte.
Mikel Odriozola Festa batzordeburuaren hitzetan, udala gustura dago jasotako proposamen kopuruarekin. Proposamen batzuk elkarren antzekoak zirela azaldu du, eta, horregatik, hautagaitza bakarrean bildu dituztela. “Hori izan da, esate baterako, festa batzordeen kasua; izan ere, festa batzorde bat baino gehiagoren izenak jaso ditugu hautagaien artean, eta egokiena denak elkartzea iruditu zaigu”.
Era berean, Festa Batzordearen adostasuna izan arren, lan kontuengatik edo beste arrazoi batzuengatik, proposatutako hautagai batzuek ezin zuten saninazio bezperan Azpeitian egon, eta horiek ez dira lau hautagaien artean sartu.
Azpeitiko Udalak duela bi urte erabaki zuen lehen aldiz herritarrei txupinazoa botatzeko hautagaiaren prozesuan parte hartzeko aukera ematea. Azokara etortzen diren ekoizleek jaso zituzten boto gehien lehen urtean, eta Kepa Susperregi apaizak iaz.
