Metrominutu panelak eta bizikleta jarduerak, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan
2026/09/15
Mugikortasunaren Europako Astearen barruan antolatutako ekimenetako bat metrominutu panelak dira. Metrominutua herri edo hiri bateko oinezko mugikortasuna sustatzeko mapa da, eta herriko puntu nagusien arteko oinezko ibilbideen distantziak eta gutxi gorabeherako denborak jasotzen ditu.
“Askotan, autoa hartzen dugu ohituragatik, baina herri barruko joan-etorri asko oinez egiteko modukoak dira. Panel hauekin herritarrei informazio praktikoa eman nahi diegu, eguneroko mugikortasunean aukera jasangarriagoak hartzea errazteko”, esan dute Joanes Amenabar eta Mikel Odriozola Ingurumeneko zinegotziek. Helburua, beraz, herritarrak oinez egitera animatzea eta herri barruko joan-etorrietan autoaren erabilera murriztea da.
Herriko lau puntutan jarri ditu panelak udalak: Garmendiko kirol gunean, igerilekuaren aurrean, Betharrameko erakusketa aretoaren ondoan (Jose Artetxe kalea) eta Udaltzaingoaren eraikinaren ondoan (Plaza Txikia).
Bizikletentzako ginkana eta oinarrizko mekanika tailerra
Bestalde, irailaren 20an, igandean, 17:30etik 19:30era, bizikletaren erabilera segurua sustatzeko bi jarduera egingo dira. Alde batetik, bizikletentzako trebetasun ginkana antolatuko da, parte hartzaileek bizikletarekin duten trebetasuna eta segurtasuna lantzeko. Jarduera Bustintzuriko Errebalean egingo dute, eta 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Bestetik, bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika tailerra ere izango da, Olazko Amaren plazan. Tailerra herritar guztiei zuzenduta dago, eta eguneroko erabileran bizikletek izan ohi dituzten arazo ohikoenak konpontzeko aukera eskainiko du.
Bi jarduerak Arauntza Riders kirol taldeak bideratuko ditu.
