- Parekidetasuna
Noka praktikatzeko aukera
2023/09/28
Gizonen arteko elkarrizketetan, hika aritzea da ohikoena Azpeitian. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, emakumeen arteko solasaldietan edo emakumeen eta gizonen artekoetan. Izan ere, tokaren aldean erabilera txikia du nokak.
Horren harira, nokaren ezagutza eta erabilera sustatzeko beharra ikusi du Udaleko Euskara Mahaiak. Premia horretatik abiatuta, HIKAstaroa antolatu dute elkarlanean Udal Euskaltegiak eta Azpeitiko Emakumeen Txokoak. Noka aldaera ikasi edo praktikatu nahi duten guztiei dago zuzendua, emakume zein gizonei.
Ikastaroan, gaiaren kokapena eta oinarrizko ezagutzak landuko dira, baina, batik bat, noka praktikatzea izango da helburua. Elkarrizketak izango dira saioen ardatza, eta partaideek era dinamikoan landuko dituzte edukiak.
Ordu eta erdiko sei saiok osatuko dute ikastaroa. Ostiraletan izango dira, 18:00etatik 19:30era, urriaren 6tik azaroaren 24ra bitartean. Langileek 13,5 euro ordaindu beharko dute, eta ikasle, langabe eta pentsiodunek 9 euro. Izena emateko epea zabalik dago.
Informazio gehiago behar dutenek edo izena eman nahi dutenek Emakume Txokora (Goiko kale 12, behea ) jo dezakete, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
943 15 70 55 eta 688 151 000 telefonora deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idatz dezakete.
