Machine translation

Ohiko osagaiekin datoz karnabalak

2026/02/03
Honezkero herritarrak hasita daude Elegante Eguneko trajeak eta Astelehen Karnabalean aterako dituzten mozorroak prestatzen. Azkenean sokamuturra egiteko aukera egongo dela baieztatuta, udalak ere itxi du egitaraua.
Ohiko osagaiekin datoz karnabalak

Urteroko osagaiak izango dira aurten ere: Jai Karnabala eta Astelehen Karnabala izango dira inauterietako egun nagusiak, eta Astearte Karnabalean sokamuturrak izango du protagonismorik handiena. Aurrez, kaldereroen kalejirak, Euskal Inauterien jaialdiak eta inauterietako kontzertuak giroan sartzen lagunduko dute.

Egun bakoitzerako egitarau zabala osatu du udalak. “Ekitaldirik ez da faltako; hala ere, karnabalen alderdirik politena herritarrek egiten duten ekarpena da; denok zain-zain egoten gara jendeak zer mozorro prestatuko. Benetan eskertzekoa da, gazte nahiz heldu, jendeak hartzen duen lana eta ateratzen duen festarako gogoa”, esan dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.

Azken unera arte zalantza egon den arren, azkenean sokamuturra antolatu ahal izango da karnabaletan. “Bagenuen baimena lortzeko itxaropena, eta urteroko tramiteak egiten joan gara gu. Gaur argitaratu du Jaurlaritzak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean sokamuturra egitea ahalbidetuko duen dekretua; beraz, karnabaletan sokamuturra egin ahal izango da”, zehaztu du Odriozolak.

Bigarrenez, armairuak astintzeko deia

Xehetasunetan sartuta, Latzen taldearen kontzertua (otsailak 7, larunbata), Udal Musika Bandaren bailableen emanaldia (otsailak 8, igandea), Obaneuke taldearen erromeria (Jai Karnabala), haurrentzako Gora bihotzak ikuskizuna, Jokai euskal mitologian oinarritutako jolasak eta DJ Davila eta DJ Oihan Vegaren emanaldiak (Astelehen Karnabala) dira aurtengo proposamenetako batzuk.

Iazko harrera onaren ostean, Azpeitiko LGTBIQ+ Asanbladak eta udalak, elkarlanean, Astindu Berriz Armayuek! festa antolatuko dute. Bad Sound Sister, Bibiana Bakana Drag eta DJ Eromena entzuteko aukera izango da, Azoka Plazan.

‘Danok eo inorrez’ kanpaina

Urtero bezala, indarkeria matxistarik gabeko gunea ere jarriko du udalak Plaza Txikian. Jai Karnabalean, 12:30etik 15:30era eta 20:00etatik 00:00etara jarriko dute gunea, eta Astelehen Karnabalean, 12:00etatik 15:00etara eta 22:00etatik 03:00etara.

Indarkeria matxistak festetan hartzen dituen formak herriratzeko asmoz, eta Danok eo inorrez. Danona da festie. Danona da ardurie kanpainaren barruan, iaz erabilitako leloak gogorarazko ditu aurten ere udalak: Karnabalak pasautekuene jolastu leikek hire feminitatiekin izango da horietako bat eta Karnabalak pasautakuen zeba molestatzeik beste gizonon feminitatiek? bestea.

 “Oro har festa guztietan, baina karnabaletan bereziki, maskaren eta mozorroen atzean gaudela aprobetxatuz, denak balio du jarrera indartu egiten da. Ondorioz, barneratuta ditugun genero rolak eta arauak esplizitatu egiten dira”, esan du Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak.

Ohikoa izaten da gizonak emakumez jantzita ikustea titi handiekin, gona motzekin eta jarrera femeninoak performatuz. “Badirudi, feminitatearekin jolastea libre dela inauterietan; aldiz, gainontzeko egunetan euren feminitatea adierazten duten gizonak erabat epaituak izaten dira”, gaineratu du Arrietak. 

EGITARAUA