Machine translation

Ohiko proposamenekin nahiz zenbait berrikuntzarekin dator Emakume Txokoaren ikasturte honetako eskaintza

2026/09/14
Irrintzi tailerra, drag tailerra eta gimnasiorako lehen urratsak egiteko saioa dira aurtengo berrikuntzetako batzuk. Emakume Txokoaren 15. urteurrenaren bueltan ere beste zenbait ekintza antolatu dituzte.
Ohiko proposamenekin nahiz zenbait berrikuntzarekin dator Emakume Txokoaren ikasturte honetako eskaintza

Aurreko urteetako ildo berari eutsiz, egitaraua lau ardatzen inguruan egituratu du Emakumeen Txokoak: jabetze eskolak (emakume nahiz LGTBIQ+ pertsonei zuzenduta), boteregabetze eskolak, ikastaro iraunkorrak eta parte-hartze, sentsibilizazio eta integraziorako ekimenak. Eskaintza oparo horri, Emakumeen Txokoaren 15. urteurrenaren bueltan antolatutako jarduerak batuko zaizkio aurten. Horien aurkezpena ostegunean izango da. 

  • JABETZE ESKOLAK

Jabetze Eskolen helburua da emakumeei eta LGTBIQ+ pertsonei beren buruaren eta beren bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea, maila pertsonalean zein kolektiboan indartzeko eta ikuspegi feministatik elkarrekin ikasteko espazioak sortuz. Aurtengo eskaintzan, besteak beste, twerk ikastaroa, etxeko konponketa tailerra, Motxila: daramagunari begiratu, naizena ulertu eta zer nahi dudan aukeratzeko bidaia ikastaroa, podcast ikastaroa (Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean) eta lehen aldiz antolatuko diren bi proposamen aurkituko dituzte herritarrek.

Alde batetik, irrintzi tailerra eskainiko da, Irrintziaren gerturapen sonoroa izenburupean, eta Errebaleko Festa Batzordearekin elkarlanean. Urriaren 17an egingo da, eta irrintziaren soinura modu praktikoan hurbiltzeko aukera eskainiko du, kontzentrazioa, beroketa eta ahots praktikak landuz. Jarduera doakoa izango da, eta Iaiaia irrintzi elkarteak gidatuko du.

Aurtengo beste berrikuntza drag tailerra da, eta genero adierazpen artistikora hurbilketa egiteko aukera emango du. Dragaren mundua eta historia ezagutzeaz gain, genero rolekin duen harremana eta gaur egungo ikusgarritasuna landuko dira, Beñat Zubillagak gidatuta, eta drag makillajearen inguruko saio praktikoak egingo dira. Urriaren 8an eta 22an eta azaroaren 5ean izango da ikastaroa, 17:00etatik 19:00etara.

  • BOTEREGABETZE ESKOLAK

Aurreko ikasturteetan bezala, gizonei zuzendutako hausnarketa eta desikaskuntza espazioa eskaintzen jarraituko dute boteregabetze eskolek. Genero rol tradizionalei aurre egitea, gizonek gizartean duten eginkizunaz hausnartzea eta harreman parekideagoak eta indarkeriarik gabekoak sustatzea dira eskolen helburuak. Udazken honetan bi saio izango dira: Gatazkak, korapiloak eta beldurrak feminismotik, urriaren 21ean, eta Desira, erotika eta heteroaraua, azaroaren 18an. Iñi Etxezarretak gidatuko ditu saioak.

  • IKASTARO IRAUNKORRAK

Ikastaro iraunkorren atalean, Irakurri eta ahaldundu eta Empalabramiento proposamenek osatuko dute eskaintza. Lehenengoan, literatura eta feminismoa uztartuko dira, eta ikasturtean zehar zenbait idazleren bisitak ere izango dira; bigarrena, berriz, euskararen eta gaztelaniaren inguruko prestakuntza tailerra da, emakumeen ahalduntzerako trebetasunak lantzera bideratua.

  • PARTE-HARTZE, SENTSIBILIZAZIO ETA INTEGRAZIORAKO EKIMENAK

Laugarren ardatzak parekidetasuna sustatzeko askotariko ekimenak biltzen ditu. Atal horretan kokatzen da aurtengo beste berritasunetako bat: gimnasiorako lehen urratsak. Emakumeei zuzendutako jarduera da, eta gimnasiora modu gidatuan hurbiltzeko aukera eskainiko du, monitore baten laguntzarekin, igerilekuko gimnasioko makinen erabilera eta espazioaren funtzionamendua ezagutzeko. Helburua da emakumeen konfiantza eta autonomia indartzea, gimnasioko espazioa segurtasunez eta askatasunez okupatu dezaten. Urriaren 9an edo 26an egin ahal izango dira bisitak, doan.

  • EMAKUMEEN TXOKOAK 15 URTE

Aurtengo ikasturteak, gainera, Emakumeen Txokoaren 15. urteurrena izango du ardatz. 15 urte zuekin. Borrokatua izan da, ez oparitua lelopean, azken hamabost urteetako ibilbidea balioesteko, memoria partekatzeko eta etorkizunera begiratzeko hainbat ekimen antolatuko dira.

Urteurrenari lotuta udazkenean egingo diren jardueren artean, besteak beste, ate irekiak, Miren Odriozola Literatur Bekaren aurkezpena eta Laura esaten zioten liburuaren inguruko solasaldia, eta memoria eta erresistentzia feministaren genealogiari buruzko saioa daude.

Hala ere, urteurrenari lotutako programazioa zabalagoa izango da, eta horren berri ostegunean, irailak 17, emango du udalak.

Izen-ematea, irailaren 21etik urriaren 2ra

Ikastaro eta tailerretan izena emateko epea irailaren 21etik urriaren 2ra izango da. Izena Emakumeen Txokoan bertan eman ahal izango da, Goiko Kalea 12an; 943 15 70 55 telefonora deituta; 688 751 000 zenbakian WhatsApp edo Telegram bidez; edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidean.

Plazak mugatuak dira, eta lehentasuna Azpeitian erroldatutakoek izango dute. Taldeak osatzeko gutxienez zortzi lagun beharko dira, eta beharrezkoa izanez gero zozketa egingo da. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da, gutxienez hiru umeko taldea osatzen bada, aldez aurretik eskatuta.

KONTSULTATU ESKAINTZA OSOA