- Parekidetasuna
Parekidetasuna eta emakumeen ahalduntzerako ikastaro eta ekintza sorta prest
2023/01/16
Urtarrilaren 23tik otsailaren 3ra bitartean irekita izango da Jabetze Eskolan zein sentsibilizaziorako tailer eta saioetan izena emateko epea. Jabetze eskolako sei ikastaro; parte hartze, sentsibilizazio eta integraziorako beste 5 ekintza, literatura feminista taldea, Empalabramiento emakumeen ahalduntze proiektua eskainiko dira, besteak beste.
Urta hasieratik uda arteko eskaintza zabala prestatu du udalak Emakume Txokokoarekin elkarlanean. Emakumeen ahalduntzean sakondu eta eragiteko ikastaro, ekintza zein zerbitzuak izango dira oinarri. Azpeitiko Jabetze eskolaren baitan, 6 ikastaro eskainiko dira, ekaina bitartean: Amatasunak eta sexualitateak, batukada feminista, zoru pelbikoa lantzen, telazko... zer?, sabel dantza eta boterea, ahizpatasuna eta perreoa. Ikastaro horien bidez, emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea da helburua.
Parte hartzerako, sentsibilizaziorako eta integraziorako beste ekintza ere izango dira epealdi horretan. Hala, Sexu abusuak haurtzaroaan, ikuspegi feministatik jardunaldiaren azken saioa izango da urtarrilaren 30ean, 18:30ean Basazabal Formazio Zentroan. Horretaz gain, otsailean, Leire Ibargunen azpeitiar idazleak Petare, Miren Egigurenen puskak bere azken liburua aurkeztuko du. Martxoaren 22an, Nuestra Libertad-en emanaldia eta solasaldia izango da; maiatzaren 17an Zinegoaken baitan laburmetrai emanaldia izango da eta ekainean, Azpeitiko Emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko abian jarritako matazak proiektua aurkeztuko da.
Izen ematea hilaren 23tik otsailaren 3ra
Ikasturte berriko Jabetze Eskolako eskaintzan izena emateko epeaurtarrilaren 23tik otsailaren 3ra bitartean izango da zabalik. Beste ekintzetarako izen emateak zabalik jarraituko du taldea osatu edo ekintza burutu bitartean.
Ekintzen inguruko informazio osatua aste honetan banatuko da herriko etxe guztietara. Hala ere, informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak Emakume Txokora (Goiko kale 12, behea ) jo dezake astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean. 943-15 70 55 eta 688 151 000 telefonora deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idatz dezakete.
Eskaintza osoaren inguruko informazioa.
Bi izen emate zabalik
Izen emateko orokorrak urtarrilaren 23an irekiko badira ere, data kontuak tarteko dagoeneko eman daiteke izena urtarrilaren 28an egingo den Amatasunak eta sexualitateak saioan eta Sexu abusuak haurtzaroan ikuspuntu feminista batetik jardunaldiaren urtarrilaren 30eko azken saioan.
Aamatsaunak eta sexualitateak saioa Plax! Sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuarekin elkarlanean antolatu da eta helburua, amatasunaz hausnartzeko, bizipenak partekatzeko eta elkar zaintzeko espazioa sortzea da. Amatasun ahaldunduruntz bidea egiteko proposamenak trukatuko dira eta sarearen garrantzia nabarmendu. Haserrea, amorrua eta kezkari egingo diote lekua eta batez ere goxamena eta plazerari. Amatasunetan sexualitateak pentsatu eta goxatzeko parada izango da, jolasa eta sormena bidelagun eta aniztasunak balorean jarriz. Edurne Mendizabalek gidatuko du saioa eta 10:00etatik 13:00etara bitartean Emakume Txokoan egingo da. Doan izango da eta urtarrilaren 25a izango da izena emateko azken eguna.
Haurtzaroan ematen diren sexu indarkeriak ulertzeko eta identifikatzeko antolatu diren jardunaldien barruko azken hitzaldia eskainiko da urtarrilaren 30ean. Lehen saioan, Aitziber Bañuelos, Eraikiz elkarteko kideak prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako gakoak eskaini zituen. Bigarrengo saioan, Susanna Minguell, Palabras dislocadas liburuaren idazlea izan zen, begirada sozialaz aritzeko. Azken saioan, Norma Vazquez, Sortzen aholkularitzako kidea, indarkeria matxistan aditua den psikologoa arituko da, sexu indarkeriaren ikuspegi feministaz hitz egiteko.
