Machine translation

Sanjuandegiko festekin bat egingo du Getariako Txakolinaren Egunak

2026/06/01
Txakolin zaleek hitzordu polita dute datorren larunbatean Azpeitian. Getariako Txakolinaren Egunak bederatzigarren edizioa ospatuko du aurten, eta berrikuntza nagusi batekin dator: azken urteetan ohiko izan duen Perez Arregi plazan izan beharrean, Jose Antonio Agirre plazan egingo dute (aparkalekuak eta errepidea hartuz), Sanjuandegiko festekin bat eginez.
Sanjuandegiko festekin bat egingo du Getariako Txakolinaren Egunak

“Jai giroko ekitaldia da Txakolin Eguna, eta Sanjuandegin ere jaiak izanda, zentzu gehiago ikusten genion biak elkartzeari festa herriko bi puntutan banatzeari baino”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Txakolin Eguna dagoeneko herrian errotuta dagoen egun bat dela adierazi du. “Txakolinaren bueltan, giro ederra sortzen da urtero-urtero, eta Sanjuandegiko festen barruan egiteak oraindik eta jende gehiago erakartzeko balioko duela uste dugu”.

Azpeitiko Udalak eta Getariako Txakolina Jatorri Deiturak antolatuta, txakolina, gastronomia eta festa giroa uztartuko dituen ekitaldia izango da. 12:30etik 14:30era bitartean, zortzi upategitako txakolinak egongo dira aukeran.

Sei euroren truke, kopa eta bost txakolin dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Edariari laguntzeko, Premietxeberriko gaztagileen gazta pintxoak eta Eusko Labeldun produktuekin egindako solomo mokaduak eskainiko dituzte. Pintxoak 2,5 euroan egongo dira, eta banaketaz Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldea arduratuko da.

Bankako Menditarrak taldeak jarriko dio doinua festari, eta Sanjuandegiko jai giroak osatuko du eguna. Aurtengo edizioan, honako upategi hauek hartuko dute parte: 

- AIZPURUA

- AKARREGI TXIKI

- ARREGI

- BASA LORE

- GAINTZA

- GAÑETA

- REZABAL

-TXOMIN ETXANIZ