Machine translation

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguneko Adierazpena adostu du udalak

2026/06/26
Ekainaren 28an Astindu Armayuek asabladak, 13:00etan, plazan, antolatutako mobilizazioan parte hartzera dei egin du.
Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguneko Adierazpena adostu du udalak

 

Iristear da ekainaren 28a, LGTBIQ+ Harrotasunaren eta Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna. Azken urteotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak bermatzeko eta sexu aniztasunean oinarritutako elkarbizitza sustatzeko. Azpeitian ere norabide horretan urrats esanguratsuak egin dira: 2024an LGTBIQ+ diagnostikoa eta ekintza plana landu ziren, eta azken bi urteotan hainbat ekimen jarri dira martxan kolektiboko kideak herrian askatasunez, segurtasunez eta diskriminaziorik gabe bizi ahal izateko. Besteak beste, erreparazio eta memoria jardunaldiak antolatu dira, aisialdirako espazio propioak sortu dira, jabetze ikastaroak eskaini dira eta aholkularitza psikologikoko zerbitzua abiarazi da. Ekintza planari bizia emateko lehen urratsak eman dira, baina bideak aurrera jarraitzen du, eta oraindik ere erronka eta lan ugari daude egiteko.

Beharrezkoa da, esparru honetan, gure herrian sexu eta genero identitate ezberdinetako pertsonek bizi proiektu seguru eta erosoa aurrera eramateko bizi baldintza egokiak sortzea. Inork ez dezan beharra sentitu Azpeititik kanpora bizitzera joateko bere sexualitatea askatasunez bizi ahal izateko. Horretarako, ezinbestekoa izango da politika publiko integralak garatzea, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak indartzea, babes kolektiborako mekanismoak sortzea eta memoria zein erreparazioa lantzea, eta prozesu hau herriko LGTBIQ+ mugimenduko kideekin batera egitea.

Dena den, hau ez da gure herriko kontua soilik, komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek zis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. 

Stonewalletik Azpeitira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.

Aniztasuna gure gizartearen errealitatea da, gizarte irekiago, demokratikoagoa eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzen digu.
Gure gizartean dagoen aniztasuna ikusgarri egin nahi dugu, eta pertsona askoren eta mugimendu sozialen ahaleginari esker lortutako eskubideak defendatu. Inork ezkutatu beharrik izango ez duen gizartea eraikitzeaz ari gara. Inork bere burua justifikatu edo beldurrez bizi beharrik izango ez duen gizartea.

Hori dela eta, dei egiten dugu ekainaren 28an Astindu Armayuek asabladak, 13:00etan, plazan, antolatutako mobilizazioan parte hartzera; eta amaitzeko, LGBITQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiegu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a!