Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Festak
  • Parekidetasuna

Spot bat, ardura denona dela nabarmentzeko

2025/07/22
Badatoz saninazioak, eta Parekidetasun Sailak festa eredu parekide eta gozagarrien alde egin nahi du. Iaz, kanpaina berri bat hasi zuen, jai parekideen inguruko hausnarketa herrira zabaltzeko; urtebetera, kanpaina biribiltzeko asmoz, lelo bera duen spot bat kaleratu du: Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie.
Spot bat, ardura denona dela nabarmentzeko
Hiru Damatxo

Kanpainaren ildo eta helburu berberak jarraitu ditu spotak: festa gozagarriak lortzeko ardura denona dela gogorarazi, eta fokua gizonengan ere jarri nahi izan du, festa gozagarriak eta parekideak lortzeko haien parte hartze aktiboa ere behar dela azpimarratzeko; hau da, indarkeria matxista erreproduzitzen duten jokabideak moztu ahal izateko, gizonek ere badutela ardura nabarmendu nahi izan du.

Spotaren sorkuntzan Hiru Damatxo izan du bidelagun udalak, baita Xanti Agirrezabala ere. Horrez gain, lau aktorek hartu dute parte: Danel Teranek, Ander Azkuek, Xabier Matxainek eta Gaizka Sarasuak.

Spotarekin batera, iazko sentsibilizazio kanpainak ere jarraipena izango du, kartelen bidez. Hala, hainbat hausnarketa bultzatu nahi dira, esaterako, espazio publikoan eta festaguneetan deseroso zeintzuk eta zergatik dauden, edo zeintzuk ez dauden azaleratzea. Ertzetara begiratu nahi izan da, baina baita erdira ere, ardurak hartzea denoi dagokigula gogorarazteko.

Indarkeria matxistarik gabeko gunea

Bestalde, urtero bezala, indarkeria matxistarik gabeko gunea ere jarriko du udalak, baina ordutegia eta egutegia egokitu egingo dira. Eguneko ordutegiak murriztu arren, hiru egunetan jarri ordez, zerbitzua sei egunetan eskainiko da. Lehentasuna eman zaio presentzia irabazteari eta herritar gehiagorengana iristeari. Hala, aurten, uztailaren 25ean (Santio Eguna), uztailaren 26ko gaueko kontzertuetan eta uztailaren 29an, asteartez, azokan ere jarriko da postua. Horrez gain, Plaza Txikian egongo da gunea uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean.

Indarkeria matxistarik gabeko gunearen helburua da herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzea, eta emakumeek zein LGTBIQ+ pertsonek jaietan indarkeria matxistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, babes eta segurtasun gune bat sortuz. Bertan, besteak beste, sentsibilizaziorako eta indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak eskaintzen dira.