- Ingurumena
Tona bat zabor atera dute Urola eta Ibaieder ibaietatik
2025/10/30
Txukun enpresa kontratatu du udalak garbiketa egiteko, eta urriaren 20tik 28ra aritu dira lanean langileak. Guztira 1.060 kilo zabor eraman dituzte Laienera (plastikoa, txatarra, gurpilak, errefusa…), han behar bezala sailkatu eta kudeatzeko.
Ibaietako zabor bilketa eskuz bakarrik egin dute, ibaiko biodibertsitateari kalterik ez egiteko.
Landaredia arintzen
Urteroko garbiketa ez da egunotan ibaietan gauzatutako esku-hartze bakarra. Izan ere, Ura agentzia Urola ibaiko landaredia aritzen ari da. Urriaren 20an hasi zituen lanak, eta azaroaren 4an amaitzea aurreikusten du.
Ibaiaren funtzionamendu ekologikoa mantentzea eta uholde arriskuak murriztea da helburua. Horretarako, hildako zuhaitzak eta landarediak sortutako tapoiak erretiratuko dituzte; zuhaitzen azpiko arramak kimatuko dituzte; eta landare aloktonoak (inbaditzaileak) kenduko dituzte, biodibertsitatea mantentzeko.
Enparan Dorretxe paretik Damaso Azkue plazako zubira arteko ibai tartean arinduko du landaredia Ura agentziak. Abuztuan ere antzeko esku-hartze bat gauzatu zuen, kasu hartan Azoka Plazatik Enparan Dorretxera arteko tartean.
