- Festak
Txupinazoa, bertso doinutan
2025/07/30
Plaza bete jende elkartu da aurten ere saninazioei hasiera emateko, eta kolore arrosa izan da nagusi. Eguerdirako minutu gutxi falta zirenean atera dira balkoira Susperregi bera eta udal ordezkariak. “Saninaziyuek ondo pasa, jaietan goza, bizipozez” kantatuz amaitu du bertsoa Susperregik.
Nagore Alkorta alkateak hartu du hitza Susperregiren atzetik. Edozein arrazoirengatik festarako gogorik gabe daudenekin eta gurekin ez daudenekin akordatu ostean, elkartasuna adierazi die atzo Zizur Nagusian senarrak hil zuen emakumearen ingurukoei eta palestinarrei. Saninazioak antolatzen ibili diren guztiei eskerrak ere eman dizkie alkateak txupinazoa bota aurretik.
“Erakuts dezagun beste urte batez zergatik dugun hain herri festazalea izatearen fama. Atera gaitezen kalera, egin dezagun barre eta dantza, eta goza dezagun egitarauko ekitaldi bakoitza. Gogoratu ‘danona dala festie, danona dala ardurie’, eta ondo-ondo pasau saninaziyuek! Aupa Azpeitia”, esan du Alkortak.
Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, txupinazoa bota ostean, Azpeitiko Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek eta erraldoi eta buruhandiek kalejira egin dute, eta primerako giroa jarri du Skapaie elektrotxarangak ere.
Behin txupinazoa botata, larunbatera arte festak ez du etenik izango Azpeitian.
Ikusi programa hemen