Udalak Azoka Plaza ondoko ibilgailu elektrikoak kargatzeko hartunea kendu du
2026/11/03
Ekindarrek udalerrian jarritako birkarga puntuak martxan daude dagoeneko. Horietako bat San Martin Estratan dagoenez, Azoka Plaza ondokoa kentzea erabaki du udalak; izan ere, metro gutxira dago hura, eta potentzia handiagoa eta ibilgailuak azkarrago kargatzeko ahalmena dute Ekindarren kargagailuek.
Edozein herritarrek erabil ditzake Ekindarren birkarga puntuak, Zunder izeneko aplikazioa instalatuta. San Martin Estratan ez ezik, honako puntu hauetan daude: kiroldegi ondoan, igerileku ondoan, Loiolako etorbidean, Loiolabideko kalistenia parkearen ondoan, Loiolako estazio zenaren inguruan, Euskal Herria auzoan, Urrestillako Kalebarrenean, eta Soreasuko eta Alberdieneko lur azpiko aparkalekuetan (azken horretan, estaldura arazoak konpontzen ari dira). Bi hartune dituzte kargagailu guztiek, bakoitza 22 kW-ko potentziarekin.
Behin Azoka Plaza ondoko birkarga puntua kenduta, eremu hori berrordenatu egingo du udalak datozen asteetan.
