Machine translation

Azpeitiko Udalak 250.000 euro bideratuko ditu etxebizitzak eta  bizitegi-eraikinak berritzeko laguntzetara

2026/06/25
Iaz baino 50.000 euro handiago da partida; izan ere, laguntza lerro guztien gehieneko kopuruak %15 handitu ditu udalak.
Azpeitiko Udalak 250.000 euro bideratuko ditu etxebizitzak eta  bizitegi-eraikinak berritzeko laguntzetara

Azpeitiko Udalak 2022tik ematen ditu herrian dauden etxebizitzetan eta bizitegi-eraikinetan energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obretarako, kontserbaziorako eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko dirulaguntzak. 2026ko deialdia ere abian da, eta urriaren 31ra arte egin ahal izango dira eskaerak.

“Laguntza hauen bidez, herritarrei esku bat botatzen ahalegintzen gara, beharrezko berrikuntzak egiteko oztopo ekonomiko txikiagoak izan ditzaten eta etxebizitza duin, eroso eta jasangarriagoak izan ditzaten”, esan dute Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak eta Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak. 250.000 bideratuko ditu udalak laguntzera, iaz baino 50.000 euro gehiago. Iaz, 56 onuradun izan zituzten laguntzek.

Fatxadak mantentzeko eta birgaitzeko laguntzak udalerri osora zabalduko dira aurten

Azaldu dutenez, aurtengo deialdiak bi berrikuntza nagusi jasotzen ditu. Alde batetik, fatxadak mantentzeko eta birgaitzeko laguntzak udalerri osora zabalduko dira. “Orain arte laguntza horiek Azpeitiko Alde Zaharrean ematen ziren, eta iaz Urrestillara ere zabaldu ziren. Etxebizitzen mantenurako, ordea, funtsezkoa da fatxadak behar bezala mantentzea. Horregatik erabaki dugu udalerri osora zabaltzea”. Laguntza horiek %25ekoak izango dira. Hala ere, Alde Zaharreko eta Urrestillako etxe zaharrei laguntza berezia ematen jarraituko du udalak, eremu horietako fatxadetan egindako lanek %40ko laguntza izango baitute.

Bestetik, eguneratu egingo dira dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak. “Bizi-kostuaren garestitzea kontuan hartuta, laguntza lerro guztietako gehieneko kopuruak %15 inguru handituko ditugu”. 

Programak lau laguntza-lerro ditu:

  • 1. lerroa: Irisgarritasuna hobetzeko lanak.
  • 2. lerroa: Energia-efizientzia hobetzeko lanak.
  • 3. lerroa: Energia-iturri berriztagarrien instalaziorako lanak.
  • 4. lerroa: Eraikinen kontserbazio-obrak.

Laguntzei buruzko informazio guztia eta eskaera orriak lotura honetan daude: