LED teknologia ezarri izanari esker, batez beste %32ko energia aurrezpena izan da Azpeitiko argiteria publikoan
2026/02/06
Helburuak argiteria publikoaren energia eraginkortasuna hobetzea eta udalaren kontsumo elektrikoa optimizatzea dira, baita ingurumen inpaktua murriztea ere.
Proiektuaren garapena hainbat fasetan banatu da. Lehen fasea 2024an jarri zen martxan, eta honako argiteria koadroetan esku hartu zen: Landeta 18ko koadroa, Loiolako Ignazio 79ko koadroa, kiroldegi ondoko koadroa, Arretxeko koadroa, Loiolako Ignazio 47ko koadroa eta Euskal Herria auzoko koadroa. Koadro horietan LED teknologiara egindako aldaketa gehiena jada amaituta dago, eta kontsumo elektrikoaren jaitsiera nabarmena izan da: kasu batzuetan, %35etik gorakoa.
2025ean, honako koadro hauetan berritu ziren argi puntu gehienak: Jose Artetxeko (Betharram) koadroa, Gerratxikiko koadroa eta Orendaundiko koadroa. Une honetan, LED teknologiara aldatzeko ditu udalak Ildefonso Gurrutxagako koadroa eta Plaza Nagusiko koadroa. Bi kasuetan materiala jaso da dagoeneko, eta instalazioa datozen hilabeteetan egingo da. Era berean, argiteria publikoaren modernizazio planarekin jarraitzea ere aurreikusten da aurten (sei kuadro identifikatuta eta telemonitorizazio sistema).
139.333 kWh-ko murrizketa honako erreferentzia hauekin pareka daiteke: 1.400 zuhaitz ingururen urteko CO₂ xurgapena edo ibilgailu elektriko batekin Lurrari 23 buelta ematearen parekoa.
LED teknologiaren instalazioa jada eginda dagoen koadroak aztertuz gero, aurrezpena nabarmena izan da: %32ko batez besteko murrizketa eman da, hau da, 139.333 kWh gutxiago 2024ko eta 2025eko kontsumoen arteko konparazioan. Horrek berresten du LED teknologiara egindako trantsizioak eraginkorra dela, eta datozen urteetan, oraindik berritu gabe dauden koadroetan esku-hartzeak amaitu ahala, aurrezpena oraindik eta handiagoa izango dela.
Energia aurrezpen horren neurria modu orientagarrian adierazteko, argiteria publikoko 139.333 kWh-ko murrizketa honako erreferentzia hauekin pareka daiteke: 1.400 zuhaitz ingururen urteko CO₂ xurgapena; ibilgailu elektriko batekin 920.000 kilometro inguruko ibilbidea, hau da, Lurrari 23 buelta ematearen parekoa.
Laster, Izarraitz pilotalekuko argiak
Hurrengo proiektuei dagokienez, Azpeitiko Udalak Izarraitz pilotalekuko argiteria berrituko du, eta %75etik gorako energia-aurrezpena aurreikusten da. TECUNI enpresari esleitu zaizkio lanak, eta otsailaren erdialdean hasiko ditu argiteria sistemaren eta haren erregulazio sistemaren berrikuntza integralerako lanen prestaketak.

Gaur egun instalatuta dagoen argiteria sistema ordezkatuko da (1.000 W-ko 64 halogenuro metalikozko fokuz osatua), eta haren ordez 600 W-ko 28 LED argiz osatutako sistema adimenduna jarriko da, Smart Lighting teknologiari esker argiztapenaren kontrol eta erregulazio aurreratua ahalbidetuko duen sistemarekin batera. Berrikuntza horrek argiztapenaren kudeaketa eraginkorragoa ekarriko du, pilotalekuaren benetako erabileretara egokituta, eta, aldi berean, instalazioaren ikus kalitatea eta segurtasuna nabarmen hobetuko ditu.
1.000 W-ko 64 halogenuro metalikozko fokuz osatuta dago Izarraitz pilotalekuko argiteria, eta haren ordez 600 W-ko 28 LED argiz osatutako sistema adimenduna jarriko da
Lan horiek bi aste inguruko epean gauzatzea aurreikusten da. Nolanahi ere, lanak egiten diren bitartean instalazioetako argiztapena bermatuko da, pilotalekuaren ohiko erabileran etenik edo eragozpenik ez sortzeko eta erabiltzaileei inolako kalterik ez eragiteko.
Modernizazio teknologiko horri esker, aurreikusten da energia-kontsumoa %75 baino gehiago murriztuko dela, instalatutako potentzia 74,24 kW-tik 16,8 kW-ra jaitsiz. Horrek urtean 85.000 kWh baino gehiagoko energia aurrezpena ekarriko du, eta urteko 12.500 euro inguruko aurrezpen ekonomikoa, mantentze kostuen murrizketa nabarmenarekin eta CO₂ isurien gutxitzearekin batera.
